Etxealdian ere euskaraz
'Etxealditik Euskaraldira' dinamika abian jarri dute, konfinamenduan ere "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" erabiltzeko.
Konfinamendu egoeran agerian geratu da elkarrekin komunikatzeko eta hitz egiteko beharra, nahia eta gogoa dugula, bai etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin. Eta horri lotuta dator Euskaraldiaren proposamen berri hau: Etxealditik Euskaraldira. Hizketaldi horietan erabiltzen ditugun hizkuntza ohituren gainean hausnarketa egitera bideratutako proposamena, hain zuzen ere. Hau da, etxealdian erabiltzen ditugun hizkuntza-ohiturak zeintzuk diren eta horien zergatiei erreparatzea da proposamen honen helburua.
Horretarako, Etxealdian gaudela probestuta, etxekoekin eta etxetik ditugun hartu-emanetako hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzea eta ohiturak aldatzeko urratsak egiteko helburua duten hainbat proposamen egingo dira. Gainera, urte bukaeran egingo den Euskaraldirako aurre beroketa izango da. Zergatik? Etxeko ohiturak aldatzen baditugu, errazagoa izango delako kalera ateratzerakoan euskaraz egitea.
Dinamikak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan, Ahobizi zein Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezuen bidez emango dira parte hartzeko jarraibideak.
Parte hartzeko, herritarrek balkoiak eta leihoak koloretako borobilekin apaindu behar dituzte. Egitasmoan parte hartzen ari direla adierazteko balioko du.
Ipini edozein koloretako #puntua balkoi edo leihoan. Eskuratu puntua hemen edo zuk etxean sortu eta animatu argazkia edo bideotxo bat egiten sare sozialetara igotzeko #etxealditikeuskaraldira traola erabiliz eta @deuskaraldia aipatuz.

