Fires lantegi berreskuratua arakatu du Ertzaintzak, eta hainbat pertsona identifikatu ditu
Gaur goizean, 9:00ak inguruan, hainbat pertsona Añorgako Fires lantegi berreskuratuan sartu direla jakinarazi dute bizilagunek. IRUTXULOKO HITZAk jakin duenez, eraikinaren jabeak bidalitako hainbat langile izan dira, eta atzeko ate bat behartuta sartu dira barrura. Hainbat pertsona daude eraikinean, eta tentsio uneak izan direla azaldu dute. Ertzaintzaren hainbat patruila ere joan dira hara, baita jabea ere.
Konfinamendua hasi baino bi aste inguru lehenago Firesen okupazioagatik denuntzia jaso zutela azaldu dute erabiltzaileek, eta doako justizia eskaera tramitatuta zutela gaineratu dute. Hala ere, COVID-19aren aurreko neurrien ondorioz prozedura geldituta dagoela gehitu dute. “Prozedura judiziala hasi besterik ez zen egin konfinamendu agindua heldu zenean, egiten saiatu direna ilegala da”, adierazi dute. Era berean, azken informazioaren arabera ez dute desalojorik egingo, prozedura judiziala zabalik dagoelako.
Isuna elkartasunari
Erabiltzaileek jakinarazi dutenez, hainbat pertsona joan dira Firesera elkartasuna adieraztera, eta Ertzaintzak horiek identifikatu ditu, baita barruan daudenak ere. Elkartasuna adieraztera joan direnei, isuna jarri diete. “Argi eta garbi, elkartasuna zigortzeko keinu bat da hori”, esan dute. Firesekoek azaldutakoaren arabera, Ertzaintzak eraikin osoa arakatu du; dagoeneko joan egin dira poliziak, eraikinaren jabea eta langileak.
2015eko maiatzean okupatu zuten Añorgako lantegia, han herritarrek autogestionatutako proiektuak abian jartzeko. Ordutik hamaika egitasmo egin dituzte erabiltzaileek, eta hainbat eraso ere salatu izan dituzte. Esaterako, 2018ko azaroan hainbat langile joan ziren lantegira, eraisketa prozedura hasteko asmoz.
Erabiltzaileek behin eta berriro garbi utzi dute lantegiaren defentsan borrokan jarraituko dutela, aurreikusita dagoen 250 etxebizitzen eraikuntzak auzoarentzako eragin larriak izango dutela uste dutelako. Hain zuzen, Gailur Alde S.L enpresaren menpe dago gunea.