Firestone okupatuaren ohiko jardunarekin aurrera jarraitu nahi dute
Alerta egoera baliatuz, asteartean Añorgako lantegi okupatua husten saiatu zirela salatu dute. Komunikatu bat idatzi dute gertatutakoa azaltzeko.
Maiatzaren Lehenean bost urte izango dira Firestone lantegia okupatu zutenetik. Hain zuzen, bosgarren urteurreneko egitaraua prestatzen ari ziren, baina konfinamendua luzatzearekin batera, dena atzeratu behar izan dute. Gainera, asteartean eraikina husten saiatu zirela salatu dute: “Egun horretan bizitako egoerak argi erakusten du nola ari diren baliatzen koronabirusaren aitzakia eta horren aurrean hartutako neurriak, elkartasuna mugatzeko, zailtzeko, eta kriminalizatzeko”. Halere, ohiko jardunarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute komunikatu baten bidez:
Fires lantegi berreskuratua desalojatzeko saiakera
Apirilaren 21ean, Gailur Talde S.L. enpresak, Donostiako udalak bultzatuta Añorga Txikin 250 etxebizitza egiteko proiektua aurrera eramango duenak, bere langileak bidali zituen Fires Lantegi Berreskuratura. Horiek, inongo agindu ezta baimenik gabe barrura sartu ziren atzeko ate bat bortxaz irekita. Enpresaren jabea ere bertaratu zen. Barruan jendea zegoela ikusita, langileek
Ertzaintzari deitu zioten eta ondoren lantegira Ertzaintzaren bost patruila bidali zituzten. Ohikoa den moduan, ertzainak jarrera oldarkorrarekin agertu ziren une oro, bertan lotan zegoen bat jipoituz altsarazi zuten ohetik. Horretaz gain, beraien jarrera klasista eta arrazista nabarmena izan zen, lantegira pertsona ez arrazializatuak gerturatzearekin batera, ertzainek jarrera aldatu baitzuten.
Fires barruan zeudenak zein kanpotik etorri zirenak identifikatu zituzten. Elkartasuna adieraztera eta egoeraren aurrean erreakzionatuta bertaratu zirenei identifikazioaz gain, bakoitzari 600 euroko isuna jarri zieten, konfinamendua saltatu izanagatik. Horrekin lotuta, esan beharra dago, isuna ustez koronabirusaren aurrean hartutako konfinamendu neurria ez betetzeagatik jarrita ere, haiek osasun segurtasun neurriak ez zituztela bete. Ertzain batek ere ez zuen maskararik, eskularruak gutxi batzuek zeramatzaten eta NANak haien eskuekin ukitu dituzte. Metro eta erdiko segurtasun distantzia ere ez zuten errespetatu, jakinda birusaren foku handi bat ere polizia bera dela. Identifikazioak burutu ostean, espazioa arakatzeari ekin zion Ertzaintzak.
Esan beharrekoa da, Gailur Talde enpresa jakinaren gainean zegoela, Firesen jendea bizi dela, baita ere, bertan hainbat proiektu martxan daudela ere. Enpresak gutxi gora behera orain dela bi hilabete abiarazi baitzuen Fireseko desalojoa lortze bidean, desahuziorako bide judizial zibila.
Hori horrela, bistan da, enpresak indarrean dagoen alarma-egoera eta konfinamendua aprobetxatu nahi izan dituela desalojo ilegala burutzeko, jakinda horrekin hainbat pertsona kale gorrian utziko zituela konfinamenduaren erdi-erdian, hainbestetan #etxeangeratu entzuten den honetan. Ertzaintzak adierazi duenez, atzoko gertakarietan, ez omen da egon lege urraketarik langileek ez omen zekitelako barruan jendea bizi zenik eta ez omen dute atea indarrez ireki…
Firesen egungo egoera:
Jadanik, jakina den bezala, Gailur Talde S.L. enpresak martxan du EAJ-ak Añorga Txikin 250 etxebizitza egiteko aurkeztu zuen proiektua. Hori horrela, enpresak, bide judizial zibila abiarazi zuen Firesen desahuzioa lortze bidean. Prozesu judiziala, konfinamenduaren aurretik hastapenetan zen oraindik, eta bestalde, salbuespen egoeraren ondorioz epaitegiek haien jarduera etetearekin batera, prozesu hau, hasierako pausuetan geratu zen etenda.
Hala ere, horrek ez du gure jardunean eragin. Neguan zehar Iberdrolaren zenbait erasoei aurre egin eta gero, jada egoera honen aurretik eraso horiek oztopatu zituzten hainbat proiektu berriz martxan jartzea lortu genuen Fires Lantegi Berreskuratuan, hala nola, okindegia, etxebizitza, tailer mekanikoa, antzerki tailerra… Horretaz gain, data bereziak dira hauek Fireseko kideontzat.
Hurrengo astean, maiatzaren batean, alegia, Fires okupatu zenetik bost urte beteko baitira. Horregatik, salbuespen egoera honek ekidin aurretik, bosgarren urteurreneko egitaraua prestatzen genbiltzan ere, autogestioarekin lotutako hainbat tailer, kontzertu, jatordu eta abar luze batez betetako egitarau osatuz. Konfinamendua luzatzearekin batera, ordea, beste gauza askorekin gertatu den bezala, urteurrena atzeratu beharrarekin aurkitu gara.
Covid 19-tik sortutako salbuespen egoeraren inguruan
Atzo bizitako egoerak argi erakusten du nola ari diren baliatzen koronabirusaren aitzakia eta horren aurrean hartutako neurriak, elkartasuna mugatzeko, zailtzeko, eta kriminalizatzeko.
Bitartean, alarma-egoera honetan inolako oztoporik gabe Iruñeako udalak eta Gailur Talde S.L. enpresak desalojo ilegalak egin dituzte (edo saiatu dira), Testa Socimi funtsak apirileko alokairua ordaindu ezin duten Benta Berriko maizterrak mehatxatu ditu, langileek lantokira joan behar dute, baina ezin dituzte hildako kideak behar den moduan agurtu…
Aspaldian utzi zuen egoera honek birus baten aurreko segurtasun neurriei lotutakoa izateari, ez baitira ez proportzionalak, ezta koherenteak ere. Estatuak birusaren aitzakia baliatuz, nahieran erabiltzen ari da bere boterea, lehendik ere bazeuden jazarpenak areagotuz eta kontrol soziala muturreraino ezarriz.
Hala ere, zorionez gaur bezalako egunetan agerian gelditzen da oraindik ez dutela
elkartasunarekin bukatzea lortu!! Mila mila esker babesa helarazi diguzuen guztioi eta nola ez, desalojo ilegal saiakera horretatik haratago, alarma-egoera honen aurrean, inposatutako isolamendua gaindituz arazo kolektiboei aurre egiteko antolatu eta lan egiten duzuen guztioi ere: elkarlaguntza-sareak, irrati libreak, gaztetxeetako kanalak, laguntza-juridikoa…
Bukatzeko, jakitun gara, konfinamendu honen ondoren datorrena ez dela erraza izango. Kontrol soziala ez dute egun batetik bestera jaitsiko (are gehiago, hartutako zenbait neurri bere baitan mantenduko dira) eta horri gehitu behar zaizkio, jada krisiaren aitzakipean iragartzen ari diren murrizketak zeinak sektore prekarizatuak are gehiago prekarizatu dituzten.
Bestalde, Firesen kasuan, ezin dugu ahaztu ere jada hasia den prozesu judizialak aurrera jarraituko duela. Gailur Talde SL enpresa kapitalistak soilik ahalik eta diru gehien irabaztea du buruan, eta beraz, gu kanporatu arte ez ditu bere erasoak etengo.
Hala ere, horrek ez gaitu beldurtzen, espero dugu laster berriz ere martxan jarri ahal izatea, datozen erasoen aurka prestatu eta orain arteko jardunarekin jarraitu ahal izateko, bizitzaren zenbait esparru autogestioaren bitartez kudeatuz. Eta nola ez, urteurrenerako prestatzen genbiltzan egitarauarekin aurrera jarraitzeko oso gogotsu gaude, egun horiek bost urte hauetan zehar babestu gaituzuenekin konpartitu eta disfrutatu ahal izateko!
Gora Fires Lantegi Berreskuratua! Gora gune autogestionatuak! Gora okupazioa! Gora elkartasuna!