Etxealditik Euskaraldira: 'Bete ditzagun sareak esker on mezuekin!'
'Etxealditik Euskaraldira' egitasmoaren laugarren proposamena egin du gaur Iruñerriko Euskaraldiko Irati Ornatek.
‘Etxealditik Euskaraldira‘ egitasmoak egunero-egunero euskaraz aritzeko proposamen bat dakar, joan den ostiraletik ostegunera arte. Iruñerriko Euskaraldiko Irati Ornatek azaldu duenez, gaurkoaren helburua da egun hauetan lanean jarraitu dutenei eskerrak ematea euskarazko mezuekin, alegia, garbitzaileei, mediku eta erizainei, autobus eta kamioi gidariei, baserritarrei eta janari dendetako saltzaileei, besteak beste. Familiako norbaiti, lagun bati, ezezagun bati edo besterik gabe kolektibo oso bati zuzendutako mezua izan daiteke, eta edozein formatutan.
Gaurko proposamenaz gain, beste hiru argitaratu ditu dagoeneko Euskaraldiak egitasmo honen baitan: ‘Jolastu etxean, jokatu Euskaraldian‘, ‘Pintxopotea euskaraz‘ eta ‘Gonbidatuko dugu euskara gure mahaira?‘.
Egitasmoko azkeneko fasearen parte dira bideo proposamen hauek, joan den ostiralean hasi eta ostegunera arte iraungo duena. Bideo proposamen horiek egunero-egunero argitartatzen ari dira Euskaraldiko webgune eta sare sozialetan, baita ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan. Egitasmoa maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.
Etxealditik Euskaraldira dinamikaren helburua etxealdi egoeran gaudela hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketa eta euskararen erabilera sustatzea da. Itxialdian egonda ohitura horiek aldatuz gero, isolamendutik irtetean euskara erabiltzea errazagoa izango da. Apirilaren 20an bideo aurkezpena egin ondoren, apirilaren 21etik 23ra aurre hausnarketa bat egiteko proposamena plazaratu zuten ‘Zein hizkuntzatan hitz egiten dugu etxean eta etxetik?‘ galderaren bitartez, eta oraingoa, dagoeneko, hirugarren fasea da.
Jarduera honetan parte hartzen ari direla adierazteko, herritarrek balkoiak eta leihoak koloretako borobilekin apaindu behar dituzte. Puntua eurak sortu edo hemen eskuratu dezakete. Bestalde, Irutxuloko Hitzako hitzakideek gaur goizean jaso duten astekariko kontraportadan puntu handi bat topatuko dute, hura moztu eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzen ari direla adierazi ahal izateko. Era berean, sareen bitartez ere parte hartu daiteke, @deuskaraldia aipatuz edo #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz.
Egitasmoa urte amaieran egingo den Euskaraldirako prestaketa bat da.