32. Gazteen Antzerki Topaketa atzeratu egingo dute
COVID-19 birusak eragindako egoera dela eta, 32. Gazteen Antzerki Topaketa ezin izango da egin maiatza eta ekainean, iragarrita zegoen moduan. Hala ere, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, antolatzaileak udazken aldera egin ahal izateko aukera aztertzen ari dira: “Izan ere, horren atzean hainbat antzerki talde gazteren ilusioa eta lana dago”, adierazi du udalak.
Martxoan zabaldu zuten topaketan parte hartzeko deialdia, eta, guztira, hamasei taldek eman dute izena, lehiaketaren bi kategorietan: 14tik 18 urtera bitarteko junior kategoria, eta 18 eta 30 urte bitarteko seniorra.
Talde gehienak Donostiakoak dira, eta gainerakoak gipuzkoarrak, nafarrak eta madrildarrak. Honakoak dira: Arditurri, Barrexerka, Bigoterik gabea, Binahi, Compañia H el Arte, , Hitz eta Pitz, Ipsofacto, La Rata India, Oiartzungo Antzerki Taldea, Santo Tomas Lizeoa, Teatro en la Chaacena, Txiribuelta, Zaskanduri eta Zurriola ikastola.
Urtero, 1.500 ikusle inguru biltzen ditu Donostia Gazteriak, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzaz antolatzen duen jaialdiak. Hain zuzen, hiriko hainbat agertokiren gainera igo ohi dira 250 bat gazte. “Topaketaren helburua da gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea, bai antzezle, bai sortzaile, eta baita ikusle moduan ere; antzerkira joateko ohitura bultzatzeko eta kultur ekitaldi horiekin gozatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.