June Calsor donostiarrak 'Amalur' diskoa estreinatuko du ostiralean
One eta City Lights bi singleak aurreratu ondoren, June Calsor kantari eta konpositore donostiarrak Amalur lehen diskoa maiatzaren 8an estreinatuko du, ostiralean. Diskoaren 11 abestietan zehar, soularen eta jazzaren soinuak, pop eta R&B modernoaren erritmoekin “modu leun eta dotorean” nahastu ditu kantariak.
Lehen lan honek soinu eta letra introspektiboak ditu nagusi. NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuetan oinarrituta daude diskoan aurkitu daitezken abestiak: “norberaren eraldaketa, mundua eraldatzeko bide bat bezela aurkezten du diskoak”.
MECCA estudioetan grabatu eta nahastu da diskoa, Musikeneko musikari batzuen laguntzarekin: Ander Zulaika baterian eta perkusioan, Daniel Vallejo baxu elektrikoan, eta Richie Salvador piano eta teklatuetan. Bestalde, Brian Aching gitarra joleak eta Iñigo Cuenca tronpeta jotzaileak, eta Gorka Mirandak zuzendutako EASO Gazte Abesbatzak ere parte hartu dute proiektuan.
Alde bisualari ere garrantzi handia eman diote: “abesti bakoitza ilustrazio batek irudikatzen du, eta GIH bati eskaintzen dio, puzzle bat bezala, diskoaren azalari forma ematen diona”. Olatz Díaz ilustratzaileak egin ditu ilustrazio hauek, eta albumaren euskarri fisikoaren “deluxe” bertsioan ikus daitezke, liburu artistiko batekin batera. Ilustrazioak ez ezik, liburuak Arantza Acha UNESCO Etxeko zuzendariaren hitzaurre bat, abestien letrak eta bakoitzaren esanahia biltzen ditu.
Proiektua mikromezenasgo edo crowdfunding bidez aurrera atera dute, Meta! kultura-proiektuen deialdian hautataketarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Goteo plataformaren laguntzarekin batera. Youtube eta Spotify bezalako plataformetan egongo da entzungai, eta artistaren Bandcamp orriaren bidez eskuratu ahal izango da.