Konfinamenduaren inguruan 48 argazkilarik egindako lanak bildu ditu argitalpen batean San Telmo Museoak
48 argazkilarik konfinamendua islatzen duten argazkiak egin dituzte, konfinamendua hasi eta egun gutxira Teresa Uzeda argazkilariak sare sozialetan zabaldu zuen ideiari helduta. Lan horiek Novis Corpus argitalpenean bildu ditu orain San Telmo Museoak, orotara 96 argazki.
Argitalpena museoaren webgunean ikusi daiteke, honako estekan, eta salgai ere badago. Erosteko, librocuarentena@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi behar da, eta jakinarazi dutenez, salmentaren irabaziak osasun langileentzat izango dira.
Egitasmo hau, Gabriela Cendoya Bergareche Bildumarekin lotutako jardueren artean dago. Hain zuzen, 2017ko maiatzetik, San Telmo Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak Gabriela Cendoya Bergarecheren argazki liburuen bilduma kudeatzen du, guztira 2.506 ale.
“Garrantzitsua zirudien, oraindik ulertu ezin genuen aldi batean sartu ginenean, arrasto bat gordetzea, kolektiboki, bakoitza bere etxean zegoela, elkar ezagutu ala ez”, adierazi dute museokoek. Argitalpenean hainbat herrialdetako argazkilariek hartu dute parte, hala nola, Espainiakoek, Frantziakoek, Italiakoek eta Belgikakoek; lan teknikoetan ere atzerriko profesionalen laguntza izan dute Uzeda eta Cendoyak.
Honakoak dira parte hartu duten artistak: Marie Genevieve Alquier, Pascal Anders, Brigitte Bauer, Christopher de Bethune, Miguel Angel Blanco, Alex Bocchetto, Cristina Brea Lodeiro, Rocio Bueno, Cristiano Buffa, Gabriela Cendoya Bergareche, Pierre Defaix, Serge Elissalde, Pia Elizondo, Emmanuelle Gabory, Anna Gali, Alfonso Gomez, Ramiro Gomez, Amaia Gonzalez, Blas Gonzalez, Hector Jacome, Katarina Johnson, Lu Lantana, Christophe Le Toquin, Francisco Llop Valero, Alex Llovet, Juan Lopez, Patrick Maille, Paco Marti, Maria Martinez Artola, Jeanne Minier, Oriol Miñarro, Roberto Morales, Antonio Moreno, Jose Luis Moreno, Aitziber Orkolaga, Pako Pimienta, Annakarin Quinto, Paco Ramos, David Salcedo, Luis Salinas, Antonio Segura, Marc Tallec, Paco Tamayo, Rafael Tanaka Monzo, Joan Teixidor, Teresa Uzeda, Pierre de Vallombreuse, eta Joel Van Audenhaeges.
Honela azaldu dute izenburuaren jatorria: “Novis Corpus, izenburua, Patrick Maillek proposatu zuen, parte hartzaileetako batek. Latinezko gorputz berria izango litzateke lan honetarako adierazlea: etxean giltzapetutako eta guztiok mehatxatzen gintuen birus hilkorraren aurka borrokatzeko organismo berri indartsuago bat sortzea, erantzun kolektibo bat, mehatxu hori hartzeko modu bakarra”.
Aitziber Orkolaga argazkilaria da egitasmoan parte hartu duenetako bat. Apirilaren 24ko astekarian, koronabirusaren eraginez sortu diren paisaia berri eta ezohikoak aparteko ikuspegi batetik jaso dituzten hainbat argazkilariren hitzak eta lanak jaso zituen IRUTXULOKO HITZAk, horien artean Orkolagarenak.