TAO zerbitzua astelehenean berrabiaraziko dute
Konfinamendua arintzen ari den heinean, hiriko mugimendua areagotzen ari da, eta TAO zerbitzua berrabiaraziko du Donostiako Udalak astelehenetik, hilaren 11tik, aurrera, konfinamendua arintzeko lehenengo fasea hasten denean. Izan ere, Eneko Goia alkateak azaldu du hiriko aparkamendua erregulatzeko beharra lehenengo fasetik aurrera itzuliko dela, eta, horregatik, TAO zerbitzua funtzionamenduan jarriko dutela berriz.
Udalak TAO zerbitzua bere horretan mantendu zuen alarma egoeraren lehenengo egunetan, pertsona eta ibilgailuen mugimendua murrizteko bidean, “erabaki koherentea” zela argudiatuz. Martxoaren 26an, ordea, atzera egin zuten, eta zerbitzua bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, zerbitzuaren helburua aparkamenduaren erregulazioa zela nabarmenduz, eta ez zuela dirua biltzeko helbururik. Era berean, alarma egoeran zehar TAOn jarritako isunak deuseztatu zituen udalak apirilaren lehenengo egunetan.