Ospitalean dauden haurrei marrazkiak bidali eta txalo egiteko deia egin du Algara Klown taldeak
Osasun alerta dela eta, ospitaleko pailazo taldeak ezin du gaixo dauden haurren ondoan egon. Bideo deien bidez iritsi dira haiengana, indarra eman eta irribarreak pizteko. Maiatzaren 13rako, Haur Ospitaleratuen Egunerako, opari berezia egin nahi diete, eta jendea animatu nahi dute parte hartzera.
Ospitaleratuta dauden haurrentzat eta haien senideentzat gogorra izaten ari da konfinamendua. Bisita egiteko ordutegia murriztu diete, eta neurriak zorrotzagoak dira. Algara Klown taldeko sudur gorriek alaitu ohi dute Donostia Ospitaleko pediatria gunea, baina konfinamenduan, beraiek ere ezin izan dira haiekin egon ospitalean. Saioa Aizpuru kideak azaldu du bideo deien bidez izan dutela harremana, eta haurren senideen mugikorren bidez bidali ahal izan dizkietela animoak eta alaitasuna.
Momentu honetan inoiz baino animo gehiago behar dituztela uste du, eta horregatik, maiatzaren 13rako, Haur Ospitaleratuen Egunerako, ospakizun berezia egin nahi dute. Gipuzkoara ez ezik, Euskal Herri osora zabaldu dute egitasmoa, eta beste lurraldeetako pailazo talde batzuekin ari dira elkarlanean, Irriki Clownekin, Sembrando Ilusionesekin eta Express Your Clownekin.
“Aurreko urteetan, maiatzaren 13an ospitalaren atarian egon ohi gara besarkadak eta animoak ematen, baina aurten ezinezkoa denez, ospitalean dauden haurrei marrazkiak bidaltzea bururatu zitzaigun”, esan du Aizpuruk. Jendeak indarrak bidali ahal izateko modu polita iruditu zaie, eta Euskal Herria guztira zabaldu nahi dute deialdia: “Konfinamendu egoeran boluntario sareak sortu dira gehien behar dutenei laguntza emateko, elkartasun sareak sortu dira, eta guk ere, gure alorrean gure aletxoa jarri nahi genuen”, esan du Aizpuruk.
Ospitalean daudenei animoak bidali nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete. Marrazki bat egin, eta Whatsapp bidez bidali behar da Algara Klownen telefonora: 722 61 49 52. Marrazkiak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 10a izango da. Izan ere, jasotzen dituzten irudi guztiekin bideo bat egin nahi dute, eta bilduma hori erakutsiko diete ospitalean dauden haurrei. Sare sozialen bidez ere bidali eta partekatu daitezke marrazkiak, traola hauek erabilita: #OspitaleratutakoHaurrarenEguna #M13 #AlgaraKlown #ExpressYourClown #SembrandoIlusiones.
Aurreko urteetan hainbat ekitaldi egin izan dituzte Haur Ospitaleratuen Eguna dela eta. Iaz, dBusekin elkarlanean, ospitalera autobusez igotzen direnei besarkadak eta animoak eman zizkieten. Anoetako geltokian igo, eta gaixoei bisita bat egiteko asmoz joaten zirenei indarra ematea izan zen helburua.
Marrazkiak bidaltzeko deia egiteaz gain, jendea animatu nahi dute maiatzaren 13an, 12:00etan, txalo egitera: “Txalo zaparrada bat bidali nahi diegu haurrei. Etxeko balkoietatik, kaletik…Bakoitzak dagoen lekutik txalo egin dezala, indarra emateko ospitalean dauden haurrei”.