TAO zerbitzua abian da berriz
Joan den asteartean Donostiako Udalak jakinarazi zuen moduan, TAO zerbitzua berrabiarazi dute gaur, maiatzaren 11n. Neurri hori konfinamendua arintzeko lehenengo fasearen hasierarekin batera jarri dute abian.
Hortaz, TAO zerbitzua jatorrizko egoerara itzuli da berriro Donostian. Horrela, aparkatze arautuaren eremuan aparkatzeko, beharrezkoa izango da dagokion TAO txartela lortzea, eta eremu bakoitzerako ezarritako gehieneko aparkatze denborei erantzutea.
TAOa gaurtik aurrera martxan dago,baina makina guztiak ezin izan dituzte batera martxan jarri. Beraz, makina erabilgarri ez badago, ez da TAOa ordaindu behar.
Eneko Goia alkateak joan den astearteko agerraldian esan zuenez, “hiriko aparkamendua erregulatzeko beharra lehenengo fasetik aurrera itzuliko da”, eta, horregatik da beharrezkoa zerbitzuaren berrezarpena.
Udalak TAO zerbitzua bere horretan mantendu zuen alarma egoeraren lehenengo egunetan, pertsona eta ibilgailuen mugimendua murrizteko bidean, “erabaki koherentea” zela argudiatuz. Martxoaren 26an, ordea, atzera egin zuten, eta zerbitzua bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, zerbitzuaren helburua aparkamenduaren erregulazioa zela nabarmenduz, eta ez zuela dirua biltzeko helbururik. Era berean, alarma egoeran zehar TAOn jarritako isunak deuseztatu zituen udalak apirilaren lehenengo egunetan.