Kirol instalazioak egokitzen ari da udala baimena izan bezain laster irekitzeko
Donostia Kirolak gaur goizean jakinarazi du udaleko kirol instalazioak prestatzen ari direla, baimena dutenean ireki ahal izateko. Etenaldia aprobetxatuz, udan egin ohi diren geldialdi teknikoak eta legionelaren aurkako tratamenduak orain ari dira gauzatzen. Era berean, beste zenbait obretan ere ari dira, esaterako, Bentaberriko galdara edo igerilekuak konpontzen.
Bestalde, erabiltzaile eta langileen higiene eta segurtasun neurriak bermatuko direla jakinarazi dute, esaterako, makinak eta gainontzeko tresnak erabili ondoren desinfektatzeko elementuak erraztuz eta edukiera kontrolatuz. Kirol instalazioan dagoen pertsona kopurua ezagutzeko sistema lehenagotik zegoen, webgunetik denbora errealean kontsultatu daitekeena, eta orain sarreran jarritako hainbat pantailekin osatuko da. Gainera, kirol instalazioetara sartzeko sistema ere aldatzen ari direla iragarri dute, gerturapen edo kontaktu gabeko txartelak erabili ahal izateko. Azkenik, UDA kanpaina ere neurri berrietara egokituko da. Adibidez, ikastaroak eskainiko dituztela jakinarazi dute, baina plaza kopurua murriztuko da.
Kirol instalazioak irekitzea baimentzen zuen Espainiako gobernuak iragarritako lehenengo faseak, baina azkenean Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen erkidegoko kirol eremu itxiek itxita jarraituko zutela momentuz.
Kirol txartelako erabiltzaileen %46a itzuliko litzateke, inkesta baten arabera
Donostia Kirolak kirol txartelako erabiltzaileei inkesta bat pasa die, fase berrira begira instalazioak prestatu eta abonatuen iritziak jasotzeko, baita konfinamendu egoerako kirol ohiturak behatzeko, eta 5.000 erantzun baino gehiago jaso ditu. %75ak kirola egiten jarraitu du, baina %54ak itxialdi egoera aurretik baino gutxiago. Donostia Kirolaken online baliabideak abonatuen %25ak eta ikasleen %50ak erabili ditu, eta balorazio ona izan dute (10etik 8). Bestalde, %46ak esan du ireki bezain laster itzuliko liratekeela kirol instalazioetara, %34ak ez du argi, %16a uda ondoren, eta %3a ez litzateke itzuliko.