Udal zerbitzu guztietako arreta presentziala itzuliko da astelehenetik aurrera
Udal zerbitzuen arreta presentziala berrabiaraztearekin batera, udal igerileku estaliak irekiko dituzte astelehenetik aurrera. Aurretiko hitzordua eskatu beharko da arreta presentzialerako zein igerilekuak erabiltzeko.
Donostiako Udala konfinamendua arintzeko 2. fasean sartzeko lan egiten ari da, eta udal zerbitzu guztietako arreta presentziala hilaren 25etik aurrera itzuliko dela iragarri du Eneko Goia alkateak. Hala ere, arreta hori ez da koronabirusaren krisiaren aurretik zen modukoa izango, ezinbestekoa izango baita aurretik hitzordua eskatzea zerbitzu guztietan. Hitzordua 010 telefono zenbakira deituta Donostiako Udalaren webgunearen bitartez eskatu ahalko da.
Udalinfok, esaterako, orain arte Morlansen arreta presentzialeko zerbitzu txiki bat bazuen ere, hilaren 25etik aurrera ere zerbitzua eskainiko dute Easo kaleko eta Altzako bulegoetan. San Martin kaleko Hirigintza bulegoak ere berriz irekiko ditu ateak, baita Larrialdi Zerbitzuek, Diru Bilketako bulegoak, Osasun Zerbitzuek eta Gizartze Zerbitzuek ere. Bestalde, Etxegintza asteartean hasiko da berriz arreta presentziala eskaintzen, eta Goiak nabarmendu du Txomiñeneko babes ofizialeko 162 etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonekin harremanetan jartzea izango dela euren lehentasuna.