Uztailaren 12ko hauteskundeen hautesle zerrenda kontsultatzeko aukera zabalik da
Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, uztailaren 12rako deituko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta bozetarako donostiarren hautesle zerrendak eskuragai jarri ditu Donostiako Udalak.
Udalaren webgunean herritarrek hautesle zerrendan bilatu dezakete euren burua, eta horrekin zerikusia duten erreklamazioak egiteko aukera egin ahal izango dute Udalinfo bidez, ekainaren 1a arte. Era berean, bozka emateko bakoitzari dagokion hauteslekua ere ikusi ahalko dute donostiarrek esteka horretan. COVID-19a dela eta, orain agertzen den mahaien kokapena behin-behinekoa dela ohartarazi du udalak: “Hartu beharreko prebentzio neurriak direla eta kokapena alda daiteke. Ekainaren 11tik aurrera agertuko da behin betiko kokapena”.
Bestalde, jakinarazi dute hauteskunde mahaien zozketa ekainaren 11n egingo dutela.