Hiriko erdigunean soilik saltokien %22ak du euskara bere erakusleihoan
Bagera elkarteak 141 establezimenduren eraskusleihoak behatu ditu eta, horietatik, 93 gaztelera hutsean zeudela ikusi du.
Bagera elkarteak hiriko erdiguneko establezimenduen hizkuntza paisaia aztertu zuen maiatzaren 25ean, eta jaso dituen emaitzak ez dira onak izan. Izan ere, euskara euren erakusleihoetan agertzen duten saltokien kopurua ez da laurdenera ere iristen (%21,98), gaztelania erakusleihoen %95ean agertzen den bitartean.
Behaketa erdiguneko lau kale nagusietan oinarritu dute Bagerakoek: Loiola kalean, Hondarribia kalean, Getaria kalean eta Askatasun hiribidean, hain zuzen. Eta guztira 141 establezimenduetako erakusleihoetan erabilitako hizkuntzak aztertu dituzte. Hona hemen jaso dituzten emaitzen taula:
Behaketaren arabera, erakusleiho guztietatik soilik sei daude euskara hutsean, 93 gaztelania hutsean dauden bitartean. Gainera, saltoki hauen hizkuntza paisaiaren %16a besterik ez dago elebitan.
Datu kaskarrei erreparatuta, Bagera elkarteak euskararen erabileran eragiteko beharra identifikatu du, eta hiriko bisitari motari dagokienez aurtengo udara berezia izango dela aurreikusita, aldaketak egiteko une aproposa dela ondorioztatu du: “Argi dago, bisitari asko bertakoak edo ingurukoak izango direla. Hau horrela, ahalegin berezia egin beharko litzateke errotulazioan eta eskaintzen diren zerbitzuetako ahoz nahiz idatzizko harremanetan (Turismo Bulegoak, ostalaritza, establezimenduak…) euskara bermatua izan dadin”.