Dbuseko langileek protesta egin dute murrizketen aurka udaletxearen kanpoaldean
Zinegotziak udaletxe barruan osoko bilkura egiten ari ziren bitartean, Dbuseko langileak Ijentea kalean elkartu dira udalak garraio publikorako iragarri dituen murrizketen aurka protesta egiteko. Kartelak eskutan, konfinamendu hasieran kendu ziren garraio lineak oraindik zerbitzuz kanpo jarraitzen dutela gogoratu dute langileek, autobus gehiago izateak bidaiari pilaketak saihesteko eta birusaren hedapena mugatzeko balio duela azpimarratuz.
EH Bilduk protestaren irudi batzuk argitaratu ditu bere Twiterreko kontuan:
? @dbusdonostia-eko langileak gaur kalera atera dira, osoko bilkura egiten ari den bitartean.
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) May 28, 2020
‼️ Zerbitzu publikoetan murrizketak iragarri ditu @EnekoGoia.ren Gobernuak pic.twitter.com/kgBT9lfqRF
Langileek salatu dutenez, orain arteko murrizketen eraginez bidaiariek zailtasunak dituzte haien arteko segurtasun distantziak mantentzeko, eta herritarren mugikortasuna oztopatua izaten ari da: “Soilik galera ekonomikoa hartu dute kontuan, hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua funtsezkoa dela ahaztuz”.
Konfinamendua hasi zenetik, hiriko garraio zerbitzuak milaka eurotako galera metatu du astero, eta udalaren aurreikuspenenen arabera, Dbusek zazpi miloi euro baino gehiagoko defizitarekin amaitu dezake 2020a. Egoera horretan, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak duela egun gutxi adierazi zuen bi edo hiru urte igaro arte garraio enpresak ez zituela bere zerbitzu guztiak berreskuratuko.
Langileak, ordea, ez daude ados udalaren planteamenduarekin, eta “premiazko bideragarritasun plan ekonomiko bat” eskatu diote, etorkizunean Dbus “hiritarrek nahi duten kalitatezko garraio publikoko enpresa bat” izaten jarraitu dezan: “Badirudi orain ez duela garrantzirik estatu mailan enpresa eredugarri izateak, eta are tristeagoa da zerbitzuaren hondatze hori soilik arrazoi ekonomikoekin justifikatzea”.