Amara kaleko frontoia hobetzeko lanak hasi dituzte
Amara kaleko frontoia hobetzeko lanak hasi dituzte aste honetan. Donostia Kirolak-ek iragarritakoaren arabera, lau hilabeteko iraupena izango du obrak, eta 221.000 euroko aurrekontua izango du.
Alde batetik, estalkiaren egituraren saneamendua egingo dute, eta egungo hegala sendotuko dute. Gainera, hormak eta zorua konponduko dituzte eta beste itxitura bat egingo dute, “argi naturala errazago sar dadin”. Bestalde, errebotearen gaur egungo hegala ere luzatuko dute, “euriaren eta haizearen aurrean babes handiagoa emateko”. Halaber, argi fokuak berrituko dituzte, “eraginkorragoak” izateko eta kontsumo txikiagoa izateko. Azkenik, babes sareak jarriko dituzte, eta pilotalekua pintatuko dute.
Hiriko pilotalekuak
Pilotalekuak dira hiriko kirol gunerik ugariena: gaur egun 31 udal pilotaleku daude, eta udalak azaldu duenez, urtero “diru kopuru handia” erabiltzen da horiek mantendu eta hobetzeko. “Ohiko pintaketa lanez, sareen hobekuntzaz eta abarrez gain, garrantzi handiagoko beste jarduera batzuk ere egiten dira urtero, hala nola, orain Amaran hasi dena, eta urte hasieran Estibausen egin zena, aldagela eta komun berriak jarrita, 150.000 euroko inbertsioa eginda”, gehitu dute.