"Ikatzen denok irekiko dugu, edo asmoa hori da, saiatzea behintzat"
Ikatz kaleko tabernek 3. fasean jarriko dituzte berriz martxan kañeroak, ezohikoa izango den udan ere bezeroak erakartzeko itxaropenarekin. Dena den, Aurreskuko Elena Gineak ohartarazi duen modura, pertsiana igotzea baino zailagoa izan daiteke gero hura goian mantentzea.
Zer moduz zaudete?
Denak bezala, ondo ez. Hau aurpegi betean eman diguten zaplazteko bat izan da. Soilik bi asteko kontua izango zela uste genuen, baina bi aste horiek lau bilakatu ziren, eta gero zortzi… Eta gero laguntzak bilatzen hasi ginen, han eta hemen. Politikariek ahoa betetzen dute esanez autonomoak eta enpresa txikiak lagunduko dituztela, baina guk momentuz ez dugu ezer jaso. Eta, zerbait jasotzekotan, kopuru sinboliko bat izango da.
Hori da ikusten dugun egoera. Tabernei dagokienez, panorama oso beltz dago. Zorionez, kale honetan turismo basatia landu ez dugunez, turisten beherakadak ez digu hainbesteko kalterik egingo. Eta bertako jendea udaran zehar gutxiago mugituko dela dirudienez, agian horrek pixka bat lagunduko digu.
Zentzu horretan, Ikatz nolabaiteko oasi bat da Parte Zaharrean.
Uhartetxo bat gara, bai. Euskararen aldeko apustua egin dugu, beste batzuek ingelesera jotzen zuten bitartean. Espero dezagun horri esker bertako jendeak etortzen jarraitzea.
Noiz bueltatuko da ohiko poteoa kalera?
Urrun ikusten dut. Dagoeneko kaletik normaltasunez gabiltza, baina tabernetako normaltasuna ez da oraindik iritsiko. Edukiera erdira mugatuta mantenduko dute, eta horiek ez dira baldintzak taberna urte oso batez mantentzeko…
Eta are gutxiago jairik ez badago.
Noski. Aste Nagusia, auzoko jaiak, estropadak… Festa horiekin tabernariok ‘koltxoi’ garrantzitsua egiten dugu, baina aurten ziurrenik ez dugu ezta San Tomasik ere izango. Nork daki nola egongo garen Gabonetan, baina guk behintzat urtea ekonomikoki galdutzat ematen dugu.
Taberna ez duzue itxiko, ordea.
Kale honetan denok irekiko dugula uste dut. Edo asmoa hori da, saiatzea behintzat. Hori bai, orain irekitzen badugu ere, ikusi beharko da zer gertatuko den bi hilabete barru. Tabernetan ezin bada sozializatu udaltzainek isunak jartzen dituztelako, ba jendea mendira joango da, edo kaira joango da ‘litrona’ batekin.
Noiz irekiko duzue?
Printzipioz ekainaren 8an irekiko dugu, kaleko taberna gehienekin batera. Orain arte ez digu merezi izan, kalean soilik bi mahaitxo ditugulako, eta horrekin ez digu argiak piztea ere merezi.
Zein zen Ikatz kalearen egoera konfinamendua iritsi aurretik?
Ohiturak aldatu egin dira. Lehen, hona etorri ohi ziren asko orain euren auzoetan geratzen dira, turismoaren gorakadarekin Parte Zaharrak erakargarritasuna galdu duelako. Gu etengabe saiatu gara giroa berriz flotarazten, baina lehen esan dudan moduan, Ikatz uharte moduko bat bilakatu da. Asteburuetan behintzat giro polita izaten genuen, baina orain iritsi zaiguna sekulako ostikada izan da… Dena den, ez dugu ilusioa galdu!
Noski! Taberna berrirekitzeko gogoz egongo zarete…
Sekulako ilusioz irekiko dugu, soilik lau zurito ateratzeko bada ere. Bezeroak berriro ikusteko irrikaz gaude. Izan ere, egun hauetan egundoko indarra eman digute mezuekin, eta behin eta berriz galdetu digute irekieragatik. Ziur nago aurrerantzean ere babes hori izaten jarraituko dugula, eta honetatik ere aterako gara.