Realak Natalia Arroyo fitxatu du nesken taldea entrenatzeko
Realeko neskek badute entrenatzailea: Natalia Arroyo. Katalanak 2021eko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua talde txuri-urdinarekin, nahiz eta helburuen arabera beste urtebetez luzatzeko aukera izango duen.
1986. urtean Esplugues de Llobregaten jaiotakoa, lehen mailako talde bat entrenatzen duen lehenengo aldia izango da Arroyorentzat. Orain arte, Kataluniako selekzioan aritu da entrenatzaile lanetan, Diari Aran idazteaz eta Golen esatari izateaz gain. Horren aurretik, futbolari izandakoa da, eta Barçan, Espanyolen eta Levanten jokatu zuen, lesioek zelaia uztera derrigortu zuten arte.
“Oso pozik nago, eguna benetan pozgarria izaten ari da. Gogo handiak nituen duela askotik halako proiektu bati eusteko, nik barruan dudan anbizioarekin bat etor daitekeen talde batean. Eta uste dut hori hemen bateratu daitekeela”, adierazi du Arroyok.
Bestalde, klubetik, aldaketa dakarrela azpimarratu dute. “Orain arte entrenatzaile profil bat eduki dugu, eta beste begirada bat jarri nahi izan dugu. Aldaketa horretan iruditzen zaigu Arroyo izan daitekeela guretzat egokiena”, esan du Garbiñe Etxeberria Realeko emakumeen futboleko idazkariak. Taldeak hazten jarraitu dezan etorri dela gehitu du gainera.