Donostiak aurrera egiteko batasuna eta ardura eskatu ditu Eneko Goiak
Donostiarrei zuzenduriko udal bando bat plazaratu du Eneko Goia Donostiako alkateak. Koronabirusaren krisiaren ondoren, hiriaren oraina eta etorkizuna aztertzen ditu, eta hiritar guztien batasuna, elkartasuna eta ardura eskatu ditu Donostiak aurrera egin dezan.
Goiak dio garai gogorrak izan direla, “eta ahaztuta omen genituen gauzak gogoratu eta ikasi ditugu”. “Besteak beste, osasunak duen balioa, zoritxarrari aurre egiteko gaitasuna, zaintzen eta laguntzen dakien komunitate bateko kide garela sentitzea, eta erantzukizun indibidual eta kolektiboaren zentzua”. Gaixotasun horren eta beste gaitz batzuen ondorioz jasandako galerak deitoratu ditu alkateak. “Negar egin dugu, joan zaizkigun pertsonengatik, guk nahi genuen eta behar dugun bezala azken aldiz agurtu ezin izan ditugulako”.
Era berean, Goiak adierazi du “krisiaren hilabete hilunenetan inoiz baino harroago” sentitu dela donostiar izateaz. “Harrotasun hori izan da egoera hau Donostiak dakien moduan gainditzen laguntzeko eragilea: elkartasuna eta erantzukizuna abiapuntu”. Ildo horretatik, gaineratu du donostiarrak zailtasunak gainditzeko gai izan direla, eta oraingoan ere lortzeko gai izango direla, “baldin eta elkartuta egoten badakigu, eta laguntzeko eta elkarren eskutik joateko gai bagara”. Horretarako, Goiak eskatu du erantzukizunez eta zentzuz jarduteko gai izateko. “Izan ere, horren mende dago gure eta geure bizilagunen osasuna”. “Guztion esku dago arduratsu izatea, erantzule izatea, ezagutzen ditugun gomendioak errespetatzea, besteak arriskuan ez jartzeko. Unean-unean, elkar zaintzeko aukera dugu. Besteak errespetatuta eta besteon errespetatua jasota”.
Aurrera begira, Goiak eskatu du elkarren artetan lan egiteko “hiria berreraikitzeko”. Hori lortzeko, beharrezkoa izango da bere ustez, “konfinamenduaren aste gogor horietan bizi izan ditugun sentimenduak eta balioak berreskuratzea”. Ondorioak “gogorrak” izango direla gaineratu du. “Horrela izaten ari dira pertsona askorentzat, izan ere erronka handia dute aurrean, hain zuzen ere, elkartuta aurre egin beharko diogun erronka”.
Bukatzeko, alkateak ondorengo mezua luzatu die donostiarrei: “Bakoitzaren konpromisoa kaleak bizitzaz betetzeko; gure saltoki, merkatu eta enpresetan erosteko; gure auzotar eta adinekoak zaintzeko; eta, denon artean, Donostia hobe bat eraikitzen jarraitzen laguntzeko. Gure bizitokia, gure etxea, gure hiria izateagatik zaindu nahi dugun Donostia”.