Donostiar bakoitzak 4,6 tona CO2 sortu zituen 2018an
(Iturria: Donostiako Udala) Donostiako Udalak urteko emisioen inbentarioko emaitzak partekatu ditu. Industriak sortutako emisioak kenduta, guztira 850 CO2 tona isuri ziren eguneroko jardueratan. Horrek esan nahi du donostiar bakoitzak 4,6 tona CO2 sortu zituela, 2017an baino %0,7 gutxiago. Murrizketa albiste ona bada ere, Enrique Ramos Ekologia zinegotziaren hitzetan urte horretan bertan izandako %6ko igoera “konpentsatzetik urrun” dago oraindik hiria.
Isurien erdia baino gehiago garraioaren ondorio dira, zehazki, ia %57a. Zerbitzuen sektorea eta etxebiziak datoz ondoren, %17,9 eta %17,4a, hurrenez hurren, euren eragina baita. Isuriaren %7,3a hondakinek sortzen dute eta %0,6a lehen sektoreak. Hala ere, udaletik azpimarratu dute garraioen isuriketa “egonkortu” egin dela 2013tik 2017ra etengabe hazi ondoren.
Udaletik abiarazitako Klima 2050 ekintza planaren baitan jasotzen da berotegi efektuko gasen isuria neurtzea, eta Larrialdi Klimatikoaren adierazpena onartu zuten martxoan. Osasun krisiaren egoerak isurietan nola eragingo duen ikustea “esanguratsua” izango dela azpimarratu du Ramosek, batik bat kontuan izanik isuriaren zati handiena garraioek sortzen dutela eta hiriko trafikoa %80 murriztu dela konfinamendua dela eta. Era berean, krisialdiari aurre egiteko neurrietan ingurumena kontuan hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

