Kirol ikastaroen eskaintza murriztua izango da aurten
Donostia Kirola udako kirol ikastaroen eskaintza prestatzen ari da, eta koronabirusarengatik hartu beharreko osasun neurriak direla eta, eskaintza murriztua izango du aurten. Guztira, mota guztietako 105 ikastaro (Pilates, indoor zikloa, tonifikazioa, latinzumba, GAP, TRX, padela, eta abar) eta 1.350 plaza eskainiko ditu aurtengo udan, iaz 5.000 plaza baino gehiago eta 322 ikastaro eskaini zituzten bitartean. Martin Ibabek, Kiroletako zinegotziak, eskaintza murriztu behar izan dutela, pandemiaren eraginez: “Gaur egungo egoera dela eta, eskaintza murritzagoa egin behar izan da, areto berean ez baita ikastaro jarraiturik programatu, ikastaro bakoitzaren ondoren espazioa eta materialak desinfektatzeko”.
Era berean, ikastaro bakoitzeko plaza kopurua 10 eta 15 pertsona artera murriztu dute, ikasle bakoitzak lau metro karratuko espazioa izango baitu, osasun neurri guztiak betetzeko. Horretaz gain, hiru hilabeteko ikastaroak egingo dituzte aurten –uztailetik irailera–, eta udalaren kirol instalazioak aurten udan ez direla itxiko aprobetxatuko dute, normalean udan egiten duten geldialdi teknikoa konfinamenduan egin dutelako.
Horrela, ostiralean, hilaren 5ean, irekiko dute izen-emate epea, Donostia Kirolaren webgunearen bitartez edo erakundearen bulegoetan zein kiroldegietan eman daiteke izena. Bestalde, ikastaro bakoitzaren inguruko informazio zehatza Donostia Kirolaren webgunean kontsultatu daiteke.