Kontsumorako elikagaiak babestea derrigorrezkoa dela gogorarazi die udalak elikagai sektoreko ordezkariei
Ogiak, pintxoak eta kontsumorako edozein elikagai babestu behar dela gogorarazi die Donostiako Udalak ostalaritza eta elikagai sektoreetako eragileei, arau eta neurriak jasotzen dituen dokumentu baten bitartez. Neurriak ostalaritza eta merkataritza sektoreko hainbat eragilerekin landu dituzte, eta besteak beste, kupulak, erretilu itxiak edo beira-arasak erabiltzeko gomendioa jasotzen du.
Dokumentuaren arabera, ohiko higiene neurriak betetzeaz haratago, pintxoen kasuan, erabilitako beira-arasak itxiak erabili beharko dira, eta soilik zerbitzariaren aldea eduki ahal izango du zabalik. Gainera, asko jota 20cmko altuera izan dezakete, pintxoak ez daitezen pilatu, eta berritzen joan daitezen. Bestalde, tabernetan txandakatze gutxi jasotzen duten produktu ketu edo kontserbentzat beira hoztuak erabiltzea gomendatzen dute. Ideia da, kasu guztietan, bezeroek pintxoak ikusi ahal izatea, baina horiek babestuz.
Bestalde, apirila eta maiatza artean 200 saltoki —harategiak, okindegiak, supermerkatuak, merkatuak— bisitatu dituela jakinarazi du udalak. “Elikaduraren sektoreak ezarritako arauak betetzen ote dituen informatzea,
aholkatzea eta egiaztatzea zen helburua”, adierazi du Enrique Ramos Osasun Publikoko zinegotziak. Oro har neurriak bete dituztela esan du Ramosek, nahiz eta bost toki kautelaz itxi behar izan zituzten, eta 12k ikuskapen akta jaso zuten.