Ur isuri bat izan da Donostiako Metroaren lanetan
Donostiako Metroaren lanetan urarekin topo egin dutela salatu du Twitter sare sozialean @topometro erabiltzaileak bideo baten bitartez, langileak arriskuan jarri ditzakeelakoan. Hedabide honek bideoa aipatu txiolariari pasa dion pertsonarekin hitz egin du, eta adierazi du grabazioa ez dela gaurkoa, grabatu bezain laster ez argitaratzea erabaki baitzuten, “enpresak ez jakiteko nork grabatu duen bideoa”. Hala ere, iturriak azpimarratu du ez duela erakundeekin eta Euskal Trenbide Sarearekin eztabaida batean sartu nahi: “Ez dugu eztabaidatu nahi normala den edo ez, hor behean gertatzen dena erakutsi nahi diogu jendeari, baita langileak nola lan egiten ari diren ere”.
Azaldu duenez, horrelako isurketak gertatzen dira AHTaren lanetan ere, “baina ez da normala”: “AHTan askotan lurazpiko urmaelak aurkitzen dituzte, ura erortzen da, zuloa estaltzen dute eta jarraitu egiten dute. Kasu honetan, ordea, ur dezente erortzen ari da; urmael bat izan daiteke, baina ez dakite nondik datorren eta bost axola zaie. Zulatzeko makina batekin zuloak egiten dituzte beste aldean zer dagoen jakiteko eta ondoren aurrera jarraitzeko, baina, kasu honetan, urarekin egin dute topo. Normala dela esango dute, baina niri ez zait oso normala iruditzen”. Era berean, nabarmendu du horrenbeste ur ateratzeak “beldurra” ematen duela, eta kontatu du aste honetan bi langilek borondatezko baja eskatu dutela, “ez zirelako seguru sentitzen. Izan ere, zalantza asko sortzen dituen proiektu bat da”.
Bideoaren jabearen arabera, “kontrolatu gabeko” gertakaria izan da urarena eta Kontxa inguruan izan da. Bestalde, nabarmendu du lanen gainean dauden etxeak “oso zaharrak” direla eta askok egurrezko habeak dituztela: “Teknikari askorekin hitz egiten dut, eta esaten didate egurrezko habeak onak direla, baina lehor edo bustita egon behar direla, aldaketak kalte egiten diela. Orain, ordea, horrenbeste lur mugitzen ari dira azpian, eta Donostia padura bat da. Ez dakite ura zehazki nondik datorren, baina itsasoa hor bertan egonda, asko ematen du pentsatzeko”.
ERNE!!! Donostiako metroko obretan urarekin topo egin dute!!! pic.twitter.com/lAew9f7Ds6
— Topometro (@topometro) June 3, 2020