Zinemaldiko WIP Latam 'work in progress'-ko izen-ematea ireki dute
Donostiako Zinemaldiko WIP Latam sailean izena emateko epea irekita dago ekainaren 1etik, eta uztailaren 1ean itxiko dute. Zinema Eraikitzen saila ordezkatuko du WIP Latam work in progress-ak, eta Latinoamerikako zinemaren ekoizpena bultzatzea izango du helburu, postprodukzio-fasean dauden filmak amaitzeko.
Filmak aurkeztu ahal izateko bete beharreko baldintza bakarrak 60 minutuko gutxieneko iraupena izatea eta Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek ekoitzitakoak izatea. Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak sei film hautatuko ditu, eta Ad Hoc, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films enpresek postprodukziorako laguntzak emango dituzte, ingelesez azpititulatutako banaketa digitala eta Espainian banatzea barne.
Cinelatino, Rencontres de Toulouse jaialdiarekin 18 urtez elkarlanean aritu ondoren, Donostiako Zinemaldiak bere kabuz antolatuko du lehen aldiz aipatu work in progress-a, eta irailaren 21etik 23ra egingo dute. WIP Europa berria eta IX. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan egingo dituzte.