"Herritarrek aprobetxatu dezatela kalera atera eta libre sentituz aldarrikapenak plazaratzeko"
Egoerak hobera egin duenez, Gure Eskuk 'Hamaika Gara' egitasmoaren aurreneko ekintza egingo du etzi, Euskal Herriko herri eta hirietako plazetan. Donostiakoa Bulebarrean izango da.
Gizarteko alor askotako eragile ugarirekin batera, Gure Eskuk Hamaika Gara egitasmoa jarri zuen abian martxoaren 11n. COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen. Egitasmoa berrabiarazteko, etzi aurreneko ekintzako egingo dute, eta Donostiakoa Bulebarreko kioskoaren alboko plazan izango da. 11:00etatik 14:00etara bitartean, parte hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramateko eskatu dute, horiek lurrean utziz. Antolatzaileek ohartarazi dute ekintza “beharrezko neurri guztiekin” egingo dutela, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatzeko.
Zer da Hamaika Gara egitasmoa?
Irati Elizalde (I.E.): Iaz fase berri bati ekin genion, eta esaten genuen aurretik batez ere herritarren arteko elkarlana sustatu genuela eta orain eragileen arteko lana ere indartzeko asmoa genuela. Hamaika Gara izenpean burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen alde indarren arteko elkarlan bat sustatu dugu. Hamaika Gara egitasmoa Euskal Herria mailako 24 eragilek sustatu dugu, eta herriz herri ere beste hainbeste eragile zein elkartek bat egin dute. Gure Eskuk sustatzen badu ere, askoz ere zabalagoa da eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmoa duela. Egitasmoa ardaztu dugu galdeketaren aldeko sinadura bilketa batean.
Martxoaren 11an aurkeztu eta gutxira alarma egoera ezarri zen. Ekintzak bertan behera utzi behar izan zenituzten.
Dani Goñi (D.G.): Bai, batez ere, udaberri eta udako egitasmoak geratu ziren bertan behera. Oraindik ere zein forma hartuko duen ez dakigu eta udazkenera atzeratu da. Orain hasi garela berriz ere kalera ateratzen, guk ere nahi dugu kalera atera eta lehen urratsa egin. Herritarrei aukera bat eman nahi diegu parte hartu dezaten, eta berriz ere plazak hartzeko aldarrikapena luzatu diegu.
Beraz, igandekoa abiapuntu bat da egitasmoa berrabiarazteko?
I.E.: Abiapuntua izan daiteke, bai, eta oso ondo islatzen du Hamaika Gara egitasmoaren filosofia. Krisi egoera honetan egin dugun irakurketa da, aurretik zeuden arazoak eta auziak hor daudela, eta kasu batzuetan larritu zein azaleratu direla. Era berean, nahiko kritikoak gara krisi honen aurrean erabaki non, nork eta nola hartu diren ikusita. Herritarrak konfinatuta egon gara, etxetik irten ezinik egoteaz gain badirudi auzi publikoetan parte hartzeko aukerarik ez zaigula eman. Ikusi dugu Madrilen eta Parisen nola hartu dituzten erabakiak mando bakarrarekin, eta ikusi dugu bertako erakundeetan ere eragileen parte hartze oso eskasa ahalbidetu dutela. Hemen erabaki behar dugu, baina gainera erabaki behar dugu modu askoz parte hartzaileago batekin.
Bulebarreko ekintzan herritarrek zein ekarpen egin dezakete?
D.G.: Hemen erabaki, herritarrok erabaki da hautaturiko leloa. Kiosko aurreko plazan irudikatuko ditugu letra horiek tamaina handian. Jendeak egin behar duena da bakoitzak bere kartela prestatzea aldarrikatu nahi duenarekin. Hemen erabaki nahi duenarekin, edozein dela esparrua: hezkuntza, hizkuntza, generoa, jubilazioa, … Guk antolatuko dugu bakoitzak bere kartela utz dezan letra horien gainean. Guztion ekarpenekin osatuko dugu lelo hori.
Eta igandetik aurrera, zer?
I.E.: Nahiko genukeena da josten ari garen aliantza horiek guztiek aurrera begira elkarlan sendoagoa izatea. Osasun krisia nola kudeatu den kritikatu dut lehen, baina aurrera begira ikusten dugu dagoeneko pairatzen ari garela eta areagotuko dela krisi sozial zein ekonomikoa. Horren aurrean, ikusten dugu elkarlana aurretik estrategikoa bazen orain ezinbestekoa dela. Gure asmoa da udazken-negu partean indar gehiagorekin eustea egitasmoari, ulertuta egoera latzenetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela herritarrok zeresana izatea gure bizitzetan hain modu zuzenean eragingo duten politiketan. Zentzu horretan, beharra oraindik agerikoagoa denean iruditzen zaigu jendeak errazago bat egingo duela. Eragile guztiengan ari gara ikusten behar hori, herri bezala jokatu eta erantzuteko.
Jakin dugu igandean arrazismoaren kontrako manifestazio bat abiatuko dela Bulebarretik, 12:00etan. Sekulako aukera iruditu zaigu guk ere bat egiteko aldarrikapenarekin, eta manifestazioan parte hartzen dutenei dei egingo diegu kartoiak eramaten badituzte, bukaeran plazan uzteko. Iruditzen zaigu erabat bateragarria eta elkar elikatzen duela.
Gure egitasmoa oso zabala dela iruditzen zaigu, momentu honetan herritar eta eragile asko daudelako euren aldarrikapenak plazaratzeko premiarekin, eta horretarako aukera gutxi daude. Horregatik, gure egitasmoa baliagarria izango dela uste dugu.
D.G: Herritarrek aprobetxatu dezatela kalera atera eta libre sentituz aldarrikapenak plazaratzeko.