Metroaren igarobidearen lanak gelditzeko eskatu du EH Bilduk
Metroa egiteko lanen ondorioz ostiralean Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan lur jausi bat izan eta kale horretako 8. eta 10. zenbakiko bizilagunak, Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa desalojatu ondoren, Donostiako Metroaren igarobidearen lanak gelditzeko eskatu die EH Bilduk Eneko Goia Donostiako alkateari eta Eusko Jaurlaritzari. Oposizioko alderdiaren arabera, “obrekin modu batera edo bestera lotutako istripuen enegarren kapituluaren aurrean gaude”. Besteak beste, joan den astean Metroaren lanetan izandako ur isuriari erreferentzia egin diote, eta “segurtasun guztia birplanteatzeko ordua” dela nabarmendu dute.
EH Bilduk salatu du udal gobernuak hasiera batean lur jausiak Metroaren lanekin zerikusirik ez zuela adierazi zuela, baina langileak eta bizilagunak “zuloaren jatorriari buruzko testigantza argiak” zabaltzen ari zirenez, azpimarratu du azkenean onartu behar izan zutela. Era berean, gogoratu dute sindikatuek hainbat irregulartasun salatu dituztela Metroaren lanetan, hala nola, konfinamenduan eraikuntzarekin lotutako jarduera guztiak geldiaraztea agindu zen egunetan lanean jarraitu zutela.
Horregatik, EH Bilduk alkatearen premiazko agerraldia eskatuko duela iragarri du, “Donostiako herritarrei azaltzeko zer gertatu den eta, batez ere, zer neurri hartuko dituen Donostiako Udalak herritar guztien segurtasuna bermatzeko, bereziki metroaren igarobidea pasatzen den eraikinetan bizi diren pertsona guztien segurtasuna”.
Istripuak hautsak harrotu ditu
Ostiralean gertatutakoaren aurrean, herritar ugarik euren haserrea adierazi zuten sare sozialetan, eta Cervantes plazan mobilizatu ziren hamarnaka herritar larunbatean, Lurra zulatzen duzue zuen poltsikoak betetzeko lelopean.
Bestalde, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako Sailburua, Euskal Trenbide Sareko arduradunak, Goia eta Hirigintza zinegotzi eta teknikariak Zubieta kaleko 10. zenbakiko bizilagunekin bildu ziren larunbatean, eta gauzak hartzeko etxebizitzetan sartzeko baimena eman zieten, baina ezin izan ziren euren etxeetara itzuli. Era berean, desalojatutako eraikinetan ez ezik, inguru guztian neurketak egiten ari direla nabarmendu zuen Tapiak.