Igeldoko Herri Kontseiluak begi onez ikusten du udalaren proposamena
Donostiako Udalak pasa den astean iragarri zuen Igeldoko gaiak kudeatuko dituen tokiko erakunde txiki bat sortzeko asmoa zuela. Horretarako, batzorde ez-iraunkor bat eratzeko proposamena aurkeztu zuen Eneko Goia alkateak. Igeldoko Herri Kontseiluak begi onez ikusten du proposamena, “Igeldorentzat onuragarria izatea badu helburu”. Hiru hilabetean behin elkartuko da batzorde hori tokiko entitate txikia eratzeko prozedura abiatu arte.
“Bi aldeek gaia lantzeko borondatea dugula ikusita, bilera bat egin genuen martxoan. Udalak azaldu zigun prozesu hau aurrera eramateko jarraitu beharreko prozedura zein den. Udalak lehenengo pausoa emango duela dirudi. Ondoren, elkarlanean eramango dugu aurrera. Prozesuaren parte izatean adierazpen gehiago egiteko moduan izango gara”, azaldu dute.
Entitatearen figura hori autonomia maila handikoa izango zela azpimarratu zuen alkateak, “hirigunearen nortasun partikularra gorde dadin bermatzeko gai dena”. Horrekin batera, proposamenaren helburua azaldu zuen alkateak: “Igeldoko deszentralizazio administratibo eraginkorrari lagunduko dion erakundea eratzeko prozedura hasi aurreko lege-esparrua aztertu eta adostea”.