Ostiralean irekiko dituzte Viktoria Eugenia antzokia eta Antzoki Zaharra

Koronabirusaren pandemia apalduta, Viktoria Eugenia antzokia eta Antzoki Zaharra ostiralean, hilaren 12an, irekiko dituztela iragarri du Donostia Kulturak. Hain zuzen, EAEn irekiko dituzten lehenengo antzokiak izango dira Donostiakoak, eta %50eko edukierarekin irekiko dituzte: 391 eserleku izango dira Viktoria Eugenian eta 260 Antzoki Zaharrean, eta osasun neurri guztiak beteko dituzte.
Ostiralean irekiko badituzte ere, asteazkenean, hilaren 10ean, “zero gala bat” egingo dute 19:00etan, osasun langileentzat soilik. Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu duenez, pandemian zehar egindako lana eskertu nahi diete horrela osasun langileei, eta, gainera, gala horrek prestatu dituzten segurtasun protokoloak probatzeko balioko die, baita “osasun neurriekin ere kulturarekin gozatu daitekeela” erakusteko ere.
Bestalde, ekaineko programazioari dagokionez, Zea Mays taldeak irekiko du Viktoria Eugeniako programazioa hilaren 12an, ekainaren 13an eta 14an Ramon Agirre eta Nerea Gorriti aktoreek Ni primer! Xentimorik gabe antzezlana izango da Antzoki Zaharrean, 17an Beldurrari beldurra (Angst vor der Angst) (Rainer Werner Fassbinder, 1975) filma proiektatuko dute Tabakaleran, 19an eta 20an Harri orri ar / El Patio de mi casa, Pezlimbo (Antz3rkiz) antzezlana izango da Antzoki Zaharrean, 20an bertan Bang! Bang! Zinema zikloaren proiekzio sorpresa egingo dute Antzoki Zaharrean, 21ean McEnroe taldeak joko du Viktoria Eugenia antzokian, 22an Apaga la luz y verás (Alex O’Mill, 2020) filma proiektatuko dute Antzoki Zaharrean, 23an Ernest Lluch, libre y atrevido (Josep Morell eta Jordi Vilar, 2020) filmaren txanda izango da Antzoki Zaharrean, 24an Bi urte, lau hilabete eta egun bat (Lander Garro, 2020) filma botako dute Antzoki Zaharrean, 25ean Gaztea irratiaren maketa lehiaketaren finala egingo dute Viktoria Eugenia antzokian, 27an eta 28an David Gutierrez eta Beatriz Rico aktoreen Palabras encadenadas antzerki obra izango da Antzoki Zaharrean eta Lou Topet taldeak itxiko du Donostia Kulturaren ekaineko programazioa, hilaren 19an, Viktoria Eugenia Antzokian.