Rosi Zarra auziaren kontakizuna bertsio ofizialean oinarritu zuten komunikabide gehienek
90eko hamarkada erdialdea tentsio politiko eta sozial handikoa izan zen Euskal Herrian. Donostiarraren heriotza konfrontazio politikoaren erdian kokatu zen.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak 1995eko ekainaren 21ean iritsi ziren Hondarribiko aireportura. Ez han ezta Tolosako hilerrian ere, ez zieten bi gazteen gorpuak ikusten utzi senide, lagun eta herritarrei. Bi lekuetan istiluak sortu ziren, eta hilerrian Ertzaintzak gogor egin zuen han zeuden kontra. Hainbat pertsona zauritu zituzten.
Hurrengo egunean, poliziaren indarkeria salatzeko elkarretaratze bat egin zuten Amara Berrin, Euskal Herria Askatu plataformak deituta. Leku berean, ETAk bahituta zeukan Jose Maria Aldaia enpresariaren askatasuna eskatzeko protesta egin zuten Alditranseko langileek. Elkarretaratze horien osteko istiluetan zauritu zuten Rosi Zarra.
1995eko ekainaren 23an, bezperan gertatutakoaren kronika jaso zuten hainbat hedabidek. Euskaldunon Egunkaria-k azalera eraman zuen: «Gaitzespen gogorrak Buerenen eta Ertzaintzaren jarreragatik. Istilu larriak gertatu dira Amarako kontzentrazioen amaieran». Baita El Diario Vasco-k ere: «Las concentraciones de Alditrans y HB acabaron con enfrentamientos. La Ertzaintza intervino cuando simpatizantes de HB intentaron agredir a los pacifistas, generalizandose los incidentes que terminaron con nueve herido y siete detenidos». Zaurituak egon zirela aipatu zuten, baina ez horien artean Zarra zegoenik.
1995eko uztailaren 1ean, ordea, Rosi Zarraren heriotzaren berri eman zuten azalean Euskal Herriko zein Espainiako egunkariek. «Hil egin da aurreko ostegunean Ertzaintzak zauritutako emakumea», irakur zitekeen Euskaldunon Egunkaria-ren azalean. El Diario Vasco-k, berriz honela titulatu zuen: «Fallece la mujer herida en Anoeta por una pelota de la Ertzaintza». El Pais-ek ere zutabe bat eskaini zion: «Muere la mujer herida en San Sebastian por un pelotazo de la Ertzaintza». Hilabetean zehar Rosi Zarraren kasuaren jarraipena egin zuten komunikabideek, eta gehienek bertsio ofiziala bere gain hartu zuten.
Alderdi politikoen tirabiren berri ere eman zuten. HBk EAJri egotzi zion Zarrari gertatutakoa, eta jeltzaleek ezker abertzalearen jokabidearen ondorioa izan zela adierazi zuten. Bestalde, ezbeharra argitzearen alde agertu ziren ezker abertzalea, EA eta IU. Aldiz, kontrako jarrera hartu zuten PSE-EEk, UAk eta PPk. EAJk Ertzaintzaren esku utzi zuen ikerketa, eta Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak hasieratik adierazi zuen Zarraren heriotzak pilotakadarekin loturarik ez zuela auzia artxibatu zen arte.