Amarako Mendeurren plazako 'Estela' eskultura zaharberrituko dute
Donostiako Udalak Amarako Mendeurren plazako Ricardo Ugarte (Pasaia, 1942) Estela eskultura zaharberrituko du. Eskulturaren 50. urteurrenarekin bat egingo dute zaharberritze lanek, eta denboraren iragaitearen arrastoak, klimatologiak eragindako kalteak eta beste elementu batzuk kenduko dituzte, betiere Ugarteren gidaritzapean.
Talleres Martutene enpresak egingo ditu eraberritze lanak, eta, ostegunetik hasita, bi aste eta erdi iraungo dute. Horretarako, aldamio bat jarriko dute eskulturaren inguruan, eta honakoak izango dira egingo dituzten lanak: urarekin zurrustatuko dute eskultura, bereziki oxidazio handiena duten eremuetan; zulatutako zatietan material bereko xaflak soldatuko dituzte eta eskultura osoa jatorrizko koloreekin margotuko dute.