Hemen dira hondartzainak!
Donostiak pertsonaia berri bat du. Zaindari bat, superheroi bat; hondartzaina. Astelehenean ikusi zituzten aurreneko aldiz, Kontxako hondartzaren sarbideetan. Uniforme bereizgarria dute: alkandora urdin argia, bisera, gerriko poltsa eta maskara. Hondartza denboraldia uztailaren 1ean abiatuko den arren, hondartzainak aurreratu egin dira. Izan ere, udalak hainbat zerbitzu jarri ditu dagoeneko abian hiriko hondartzetan. Zaindari berriak hondartzetako sarrerak kontrolatzeaz arduratuko dira. Horrekin batera, hondartzen edukiera uneoro adieraziko duten banderatxoak aldatuko dituzte. Toldozainek utzitako lekua betetzera etorri dira, baina gure artean geratuko ote dira?