"Surik gabeko sanjoanak arraroak izango dira. Eta, neurri batean, baita ilunak eta tristeak ere"
Nolakoak izango dira zuentzat surik gabeko sanjoanak?
Arraroak izango dira. Eta, neurri batean, baita ilunak eta tristeak ere.
Egitarauko jardueraren bat egiteko aukerak aztertu dituzue?
Ez dugu uste ezer egingo denik. Gainera, sanjoanak antolatzeko eragile asko elkartzen gara: Groseko jai batzordeaz gain, Uliakoa ere aritzen da, Okendo Kultur etxea, asanblada feminista, Bagera, eta beste asko. Hori dela eta, nire ustez, hainbeste eragile izanda, zaila da beste aukera batzuk aztertzea. Gainera, gure kasuan, auzoko jaiak hemendik hilabetera dira, eta horretan ari gara buru-belarri.
Aurtengoa desberdina izango bada ere, nola bizi ohi duzue zuek San Joan bezpera?
Askotariko jarduerak egiten dira, baina aldi berean, nahiko sinplea da. Eragile asko garenez, bakoitzak berea kudeatzen du, baina elkarlanean aritzen gara, eta elkarri laguntzen diogu.