Realak irabazi gabe jarraitzen du

Reala_Madril Mikel Merino eta Casemiro baloiaren lehian. (Argazkia: La Liga)

Liga berrabiarazi zenetik hiru partida jokatu ditu Realak, eta puntu bakarra eskuratu du. Atzo galdu egin zuten Anoetan Real Madril lider berriaren aurka (1 eta 2). Bigarren porrota jarraian, baina aurrekoa baino mingarriagoa. Estrada Fernandez epaileak zeharo baldintzaturiko neurketa izan zen.

Aurkarien bi golek polemika sortu arren, biak ontzat eman zituen. Vinicius aurrelariari Llorentek egindako penaltia adierazi zuen, ustez Realeko atzelariak brasildarra trabatu zuelako. Sergio Ramosek ez zuen hutsik egin, eta madrildarrak aurretik jarri ziren markagailuan. Bigarren zatian, txuri-urdinek neurketa berdindu zuten Januzaj belgikarraren golari esker. Ordea, marrazainak eta epaileak baliogabetu egin zuten, Mikel Merinoren ustezko jokoz kanpo posizionalarengatik. Hau da, epaileek interpretatu zuten Merinok Courtois atezainaren ikuspegia galarazi zuela Januzajen jaurtiketa gelditu ahal izateko.

Hurrengo jokaldian, Benzemak Real Madrilen bigarren gola sartu zuen, besoarekin baloia jaitsi ondoren. Beste behin ere, epaileak ez zuen halakorik ikusi eta ontzat eman zuen gola. Neurketaren azken txanpan Realak gola egin zuen Merinoren bidez. Zubimendi gazteak jarritako erdiraketa ondo baliatu zuen erdilari nafarrak. Ordea, minutu gutxi geratzen ziren berdinketa lortzeko, eta berriz ere, esku hutsik geratu ziren txuri-urdinak.

Bederatzi puntutatik bakarra eskuratu ostean, Europan jokatzeko aukerak nabarmen zaildu zaizkio Realari. Sailkapeneko seigarren postuan daude, baina parean dituzte Valentzia eta Vila-real. Jokoan dauden 24 puntuetatik asko batu beharko dituzte sasoiko helburuak ihes egin ez dezan. Asteazkenean, Celta hartuko dute etxean 19:30ean. Garaipenak baino ez du balio.

HITZAkide HITZAkide