Miramar Jauregiko Partzuergoak kudeatuko du eraikina beste 20 urtez
Hemendik aurrera, Kursaal sozietateak jauregia erabili ahal izango du kongresuak eta bestelako jarduerak antolatzeko.
Donostiako Udalak onartu du Miramar Jauregiaren erabilera pribatua beste hogei urtez Miramar Jauregiko Partzuargoaren esku uztea. Jauregiaren izaeraren araberako erabilera egin ahal izango du partzuergoak. Batez ere, kultur jardueretarako erabiliko da.
Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, Donostiaren eta Gipuzkoaren “irudia eta aberastasuna” indartzeko ekitaldiak ere baimenduko dira. Esaterako, hemendik aurrera Kursaal sozietateak eraikina erabili ahal izango du kongresuak eta bestelako jarduerak antolatzeko. Gaur egun, EHUren Udako Ikastaroen egoitza da Miramar Jauregia, eta horrela izaten jarraituko du.
Bestalde, Miramar Jauregian hotel bat jartzeko aukera albo batera geratu dela baieztatu du Goiak, eta museo batean ere ez dutela bihurtuko. Horrela ere, eraikinaren balio historioa erakusteko bisitak egiteko aukera ez du baztertu.
Hiru erakundek osatzen dute aipatu Miramar Jauregiko Partzuergoa: Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Aldiz, Kursaal sozietatean soilik udalak eta aldundia daude.