Udal gobernuak auzoetako San Joan suak "aldebakartasunez" debekatu dituela salatu du EH Bilduk
San Joan sua. Koronabirusa dela eta, Donostiako Udalak San Joan bezperako suak debekatu ditu auzoetan, eta EH Bilduk salatu du erabakia “aldebakartasunez” hartu dutela, auzoetako eragileekin hitz egin gabe. Udalak berak antolatzen duen Konstituzio plazako sua baino ez du baimendu, eta EH Bilduk nabarmendu du udal gobernuak ez duela ahaleginik egin gainontzeko eragileekin suak antolatzeko aukerak aztertzeko.
Oposizioko alderdiak gaineratu du Herrerako Herripe elkarteak segurtasun plan oso bat prestatu eta garaiz aurkeztu zuela, baina, hala ere, udalak ez diola surik egiteko baimena eman, “erabilera publikoko espazioen okupazioak arautzeko udal ordenantzako 29. 2. artikulua aitzakia hartuta, eta auzo elkarteko kideak pertsonen segurtasuna bermatzeko adina ez direla izango argudiatuta”. “Donostiako EH Bilduren udal taldeari ez zaio bidezkoa iruditzen segurtasun planaren edukia aztertu gabe atzera bota izana baimen eskaria. Beste auzo batzuetako antolatzaileei ere ezezkoa aurretik jarri Udal Gobernuak, alternatibak elkarrekin aztertzeko modurik eskaini gabe”, gaineratu dute.

