
Alderdi Ederreko aparkalekuko erabiltzaileen batzordeak instalazioa kudeatzen duen enpresaren utzikeria eta Donostiako Udalaren jarrera salatu du. Azaldu dutenez, Empark enpresaren eskuetan dagoenetik, aparkalekuaren zerbitzua txarra da, eta aurretik egindako salaketa batzuen ondoren hobera egin badu ere, asko dago oraindik hobetzeko; aldiz, lehen ordaintzen zituzten kuota berak ordaintzen jarraitzen dute.
Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak 2019ko uztailaren 1ean Alderdi Ederreko aparkamenduaren administrazio emakidaren lagapena onartu eta baimendu zuen. Horrela, ordura arte Mugaburu S.L. enpresak kudeatutako aparkalekua Boulevard Aparcamientos S.L. enpresaren eskuetan utzi zen. Enpresa hori, Empark enpresaren jabea da. Erabaki hori “harrigarria” izan zela azpimarratu dute erabiltzaileek, baldintza agiriaren arabera ezin delako emakida subrogatu eta Empark enpresak arazoak izan dituelako hiriko beste aparkaleku batzuetan. Katalunia plazakoan, esaterako, espediente “oso larria” ireki zioten 2017ko abuztuan, zituen betebeharrak ez betetzeagatik.
Erabiltzaileen batzordearen arabera, hasieratik izan dituzte Empark enpresarekin, baldintza agiriko betebeharrak –mantentze lanak, garbiketa eta 24 orduko zaintza zerbitzua– ez zituelako betetzen, nahiz eta baldintza agiri hori onartu zuen enpresak. Horregatik, aparkamendu plazen adjudikazio erabiltzaileak udalari kexak aurkezten hasi ziren, iazko urrian.
Batzordearen arabera, udalak “entzungor” egin zien kexa horiei, eta ez zuen emakida kontrolatzeko duen betebeharra bete. Horregatik, erabiltzaileek batzordea sortzea erabaki zuten otsailaren 19an, udalari bere lana egin zezan eskatzeko, Empark enpresa baldintza agiria betetzera behartuz. Batzordea martxoaren 11n bildu zen Pilar Arana Mugikortasun zinegotziarekin, udalari erreklamazio orri guztiak biltzen zituen dokumentu bat aztertuz. Batzordekoek adierazi dute Empark orduan hasi zela zerbitzua pixka bat hobetzen: “presentzia eta garbiketa, noizbehinka”. Ordea, batzordearen hitzetan, Empark enpresak “inolako zerbitzurik” eskaini ez zuen zortzi hilabeteetan –2019ko abuztutik 2020ko martxora– , erabiltzaile guztiei euren kuota kobratzen jarraitu zuen. Alderdi Ederrekoa Donostiako aparkaleku garestiena da, 74 euro ordaintzen baititu hilean erabiltzaile bakoitzak. 500 erabiltzaile ditu aparkalekuak, beraz, hilean 37.000 euro jasotzen ditu Emparkek; hau da, “inolako zerbitzurik” eskaini ez duen zortzi hilabeteetan 296.000 jaso ditu.
Interpelazioa udalbatzarrean
Konfinamenduan geldirik izan dira aparkalekuko erabiltzaileen aldarrikapenak, baina maiatzean gaia berriz hartu zuten, eta EH Bilduk eta PPk Arana gaiaren inguruan interpelatu zuten; EH Bilduk zinegotziarentzako idatzizko galdera bat aurkeztu zuen eta PPk kontrol mozio bat aurkeztu zuen. Udal gobernuak, ordea, maiatzaren 28ko udalbatzarrean mozioaren aurka bozkatu zuen, eta, erabiltzaileen batzordearen hitzetan, “atzera bota zuten enpresari bere betebeharrak betetzeko exijitzeko proposamena”.
Maiatzaren 25ean, bilera bat egin zuten Empark enpresak eta erabiltzaileen batzordeak; “Empark enpresak, gure ustez udalak eskatuta, bilera bat egitea proposatu zion batzordeari”. Erabiltzaileen arabera, ordea, enpresak baldintza agiria betetzeko duen “borondate falta baieztatzeko” baino ez zuen balio izan bilera horrek. Ekainaren 11n beste bilera bat egin zuen batzordeak Aranarekin eta Mugikortasun saileko arduradunekin, eta eskatu zieten euren arabera zerbitzurik jaso ez duten zortzi hilabete horietan ordaindutako dirua itzultzeko. Udalak ez zien erantzunik eman, eta dirua itzultzeko proposamen ofiziala aurkeztu zion batzordeak udalari ekainaren 22an.
“Aparkalekuko” egoerak hobera egin badu ere, erabiltzaileen batzordeak dio ez dela aurreko enpresak ematen zien zerbitzua. “Hala ere, kuota berdinekin jarraitzen dugu, ahaztu gabe zortzi hilabetez kuota horiek kobratu egin dizkigutela, izan behar genituen zerbitzuak eman ez dituztelarik. Udalak ez du bere kontrol eginbeharra bete, eta ez du inolako borondaterik erakutsi hiritarron eskubideak defendatzeko Empark enpresaren gehiegikerien aurrean. Guztiz kontrakoa baizik, maiatzaren 28ko osoko bilkuran ikusi zen bezala”. Enpresari ez diote ezta espedienterik ireki, nahiz eta erabiltzaileen kexei “entzungor egiten jarraitu”, gaineratu du aparkalekuko erabiltzaileen batzordeak.