
‘Orain ardura’ plataformak protesta egin du gaur goizean Donostia Ospitalaren aurrean, erakundeei “arduraz jokatzeko” eta gastu publikoa herritarren “oinarrizko beharretara” bideratzeko eskatzeko. Joan den maiatzean aurkeztu zuten Altzako Berra zahar egoitzan egitasmoa, eta bigarren agerraldia egiteko COVID-19ak kolpatutako beste leku bat aukeratu dute, Donostiako ospitalea, hain zuzen.
Herri mugimenduko askotariko eragileek eta sindikatuek osatzen dute plataforma, eta elkarretaratzean irakurri duten komunikatuan gogoan izan dituzte koronabirusak kutsatutako eta hildako herritarrak, baita pandemian zehar baldintza zailetan lanean aritu diren profesionalak ere: “Baldintza horietan, ustekabean ospitaleratutako pertsonen kopuru izugarri horri, langileen ausardia eta konpromisoa izan dira ahalik eta arretarik onena eman diotenak, bere osasuna arriskuan jarri arren. Eta hori, gure oroimen indibidualean eta kolektiboan gorde behar dugu”, irakurri dute.
Plataformakoen ustez, osasun krisiak agerian utzi du osasun sistema publikoa ez zegoela pandemia horri aurre egiteko “hain ondo” prestatuta, eta horregatik egin dute agerraldia ospitalean, “gabezia guztien” testigantzak jaso dituen leku bat delako.
Erakunde publikoei ardura eske
Komunikatuan erakunde publikoak jarri dituzte jomugan, eta hainbat eskaera helarazi dizkiete. Eusko Jaurlaritzak berre aurrekontua berrikusi beharko duela iragarri du, pandemiak eragindako gastuen gorakada eta alarma egoeraren ondorengo etenaldi ekonomikoak sortutako diru sarreren murrizketa argudiatuta. Aldundiek eta udalek ere, beste horrenbeste egin beharko dute, eta horren aurrean, “arduraz jokatu eta oinarrizko beharretarako gastua indartzeko garaia” dela uste du plataformak.
Gaineratu dute gizarte osoaren osasuna eta bizi baldintzak jokoan daudela une honetan, eta aldarrikatu dute erakunde publikoen ardura dela herritarren beharrak ziurtatzeko “behar adina baliabide bermatzea”. Horretarako, “proiektu baztergarrien gastu faraonikoak” geldiarazteko eskatu dute, hala nola Abiadura Handiko Trena, eta “porlanezko sukarraldiaren ondorioz sortutako proiektu guztiak”. Amaitzeko, jakinarazi dute eskaera horiek udal guztiei helaraziko dizkietela mozioen bidez.
150 atxikimendu
Egitasmoa aurkeztearekin batera, aldarrikapen guztiak jasotzen dituen manifestu bat aurkeztu zuten maiatzean, eta ordutik, 150 eragile eta sindikatuk eman dute euren atxikimendua; gainera, 1.800 norbanako inguruk ere sinatu dute komunikatua. “Ideia horiek gizarte osora eramaten saiatuko den kanpaina baten hasiera besterik ez da hau”, adierazi dute sustatzaileek.
Manifestu osoa irakurgai dago Orain ardura egitasmoaren webgunean, eta webgunean sartuta eman ahalko da atxikimendua.