Sorosleen grebari buruz eztabaidatzeari uko egin dio udal gobernuak
Greban dauden hiriko hondartzetako sorosleek elkarretaratzea egin dute gaur goizean udaletxearen aurrean. Ondoren, udal batzar aretora sartu dira beraien eskaeraren inguruko premiazko interpelazio bana aurkeztu dituztelako EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek. Ordea, udal gobernuak eguneko gai zerrendatik kanpo utzi ditu argudiatuta sorosleen eskaera ez dela premiazkoa.
2018ko grebaren ostean egindako akordioa betetzea eskatzen dute greban dauden sorosleek. Lan baldintzak hobetzea eta subrogazioa bermatzea adostu zuten. Dena dela, Donostiako Udalak iaztik ez du subrogazioa bermatzen, eta horregatik Zurriolako hondartzan kanpaldia egiten ari dira aurten lanik gabe utzi dituzten hainbat sorosle. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta baita PPk ere sinatutako akordioa betetzeko eskatu diote udalari, eta gaurko udalbatzarrean horri buruz hitz egitea.
Tentsio une bat sortu da Eneko Goia alkatearen eta oposizioko ordezkarien artean. Goia udalbatzarreko mahaiko presidentea da, eta premiazko interpelazio batean horren arrazoiak azaltzera mugatu ditu bi udal talde proposatzaileak. EAJren udal taldeak ez du hitza hartu, baina Goiak ondorengoa adierazi du: “Nik ez dut ulertzen zergatik den premiazkoa”. Ildo beretik, Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak esan du sorosleen gaia juridikoki ebatzita dagoela, eta horri buruz hitz egiteko premiarik ez dagoela: “Sorosleen zerbitzuak hilaren 15etik abian daude, eta baldintza agiria betetzen ari gara. Ez da inolako afekziorik egon eta erabiltzaileen aldetik ez da kexarik egon”.
IRUTXULOKO HITZAk greban dauden bi sorosle elkarrizketatu ditu, eta biharko astekarian irakurri ahal izango da.