
Irailaren 18an hasiko da Donostiako 68. Zinemaldia, eta Woody Allen zinemagilearen Rifkin’s Festival filmak irekiko du jaialdia, lehiaketatik kanpo, Kursaalean. Allenen filma Zinemaldira datorren bikote estatubatuar baten inguruko komedia erromantikoa da, eta Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez, Wallace Shawn eta Christoph Waltz aktoreek hartu dute parte. Filmeko protagonistak liluratuta geldituko dira Donostiarekin eta hiriaren inguruarekin, eta beste pertsona batzuekin harremanak izango dituzte, amaiera dibertigarri batekin.
New Yorkeko zinemagileak joan den udan grabatu zuen filma Donostian eta Gipuzkoako beste hainbat herritan, The Mediapro Studio, Gravier Productions eta Wildside ekoiztetxeekin elkarlanean. Allenek iazko udaren parte handi bat pasa zuen Donostian filma grabatzen, eta haren presentziak hautsak harrotu zituen. Batzuek hiriarentzat onuragarria izango zela zioten, beste batzuek udalak erraztasun gehiegi eman zizkiola eta turismo gehiago erakarriko zuela salatu zuten bitartean. Era berean, mugimendu feministak Allenen presentzia salatu zuen, zinemagileak sexu abusu akusazioak dituela gogoraraziz. IRUTXULOKO HITZA-k erreportaje bat egin zuen gaiaren inguruan iazko uztailean, ahots guztiak bilduz.
Ez da estatubatuarrak Zinemaldia irekitzen duen lehenengo aldia izango, 2004an gauza bera egin baitzuen Melinda and Melinda filmarekin. Donostia Saria jaso zuen orduan –aurten Viggo Mortensen aktoreak jasoko du–, eta jaialdiak Allenen obraren atzera begirako programazioa prestatu zuen. Bestalde, zinemagileak The Mediapro Studio ekoiztetxearekin egindako laugarren proiektua da Rifkin’s Festival, Midnight in Paris (2011), You Will Meet a Tall Dark Stranger (2010) eta Vicky Cristina Barcelona (2008) filmak ere elkarlanean egin baitituzte.