Berriro ekin diete Bera Bera berrurbanizatzeko lanei
Koronabirusak sortutako egoerak Aieteko Bera Bera auzunean hasitako obrak bertan behera uztera behartu zuen, eta gaur goizean udalak iragarri du berriz ere hasi direla lanekin. Datozen zortzi hilabeteetan berrurbanizatze obren lehenengo fasean arituko dira. Zehazki, Zuhaixken pasealeku osoa moldatuko dute, baita Hegaztien pasealekuaren zati bat eta bi bideak elkartzen dituen bidea ere. Besteak beste, espaloiak zabaltzea, errepideak txikitzea, badenak hobetzea eta txirrindulariek topatu ditzaketen zailtasunak konpontzea da helburua. Gainera, errepideko abiadura 30 kilometro ordura murriztuko dute, eta Zuhaixken pasealekuko hainbat puntutan 20 kilometro ordura ere. Bigarren fasean, berriz, Hegaztien pasealeku osoa, Donostiako Atletiko ondoko aparkalekua eta merkataritza gunean egingo dituzte obrak.
Bestalde, proiektuaren beste helburuetako bat da ur edangarriaren, ur beltzen eta euri uren sistemak hobetzea. Horretarako, zanga berriak jarriko dituzte.
Udalak duela hilabete batzuk iragarritakoaren arabera, obren lehenengo fasea Altuna y Uria SL enpresari esleitu zitzaion, eta 1.412.803 euroko aurrekontua izango du. Bigarren faserako guztira, 1,5 milioiko aurrekontua aurreikusten zuten obra iragarri zutenean. Hala ere, udalak ez du baieztatu bigarren zifra hori mantentzen den edo ez .