Arte Ederretako eraikina birgaitzeko proposamena aurkeztu du SADEk
Eneko Goia alkateak begi onez ikusten du Arte Ederretako eraikina birgaitzeko SADEk udalari aurkezturiko proiektua. “Eraikinak duen babes mailaren barruan dago proposamena”, adierazi du Goiak. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan eman du albistea. SADEk eraikinaren egungo elementuak mantentzeko borondatea duela esan du alkateak, eta hori “baikorra” dela.
Birgaitze proposamenak ez du zehazten SADEk zein erabilera eman nahi dion eraikinari, baina hirugarren sektoreari loturikoa izango dela aurreikusten da. Udalak proposamena ontzat ematen badu, aurrera begira lizentzia emango lioke eraikinaren jabeari. “Egoera desblokeatu dezakeela uste dut, eta hori da nik nahiko nukeena”.
Arte Ederren eraikinaren aferak udalaren eta SADEren arteko talka azaleratu du. Bi aldeek epaitegietara jo dute, eta azken ebazpenak udalaren aldekoak izan dira. Azkena, ekaina hasierako da. Arte Ederren eraikina SADEk konpondu behar duela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.