San Telmo museoak Kukai dantza taldearen 'Erritu' ikuskizuna eskainiko du uztailean
San Telmo museoak iragarri du ‘Erritu’ ikuskizuna hartuko duela uztailaren 9an, 10ean eta 12an. Dantza taldeak Sharon Fridman koreografo ospetsuarekin elkarlanean sortu zuen ikuskizuna, eta haien hitzetan “bizi bidaia bat da, eta bizitzaren egoera desberdinak zeharkatzen ditu, naturari eta komunitateari dagokienez, banakako eta taldeko igarotze-errituen bidez”.
Uztailaren 9ko eta uztailaren 10eko emanaldiak 20:00tan izango dira. Uztailaren 12koa, berriz, 19:00etan. Emanaldi guztiak San Telmo Museoko elizan eskainiko dituzte.
Sarrerak jadanik salgai daude museoko leihatilan eta Donostiako turismo bulegoan. Aurki internet bitartez ere eskuratzeko aukera izango da. 15 euroko kostua izango dute.
Jose Mari Zabala Museo Bikoitzan
Bestalde, museoak jakinarazi zuen Jose Mari Zabala irundarra izango dela Museo Bikoitza egitasmoan parte hartuko duen hurrengo artista. Museo Bikoitza San Telmo museoak duen esku hartze programa bat da. 2018an abiatu zuten, eta urtero artista batek hartzen du parte. Artista horrek museoarekin lotura duen proiektu batean egiten du lan urtebetez, proiektu berri bat sortzeko. Lanaren emaitza ikusgai izaten da, eta ondoren museoko kolekziora gehitzen da.
Azkeneko urtebetean Erlea Maneros artista aritu da bere proiektua garatzen, baina koronabirusak sortutako egoera dela eta, ezin izan du amaitu oraindik. Hala ere, aurreratu du “beste leku batzuetako narratiba politiko, historiko eta estetikoei heltzeko arrazoiei buruzko introspekzio bat” egin duela.
Manerosek gonbidatu du Zabala proiektuan parte hartzera, bere lanean izan duen eraginagatik. Izan ere, aurreko urteko artistak hurrengo urteko artista proposatu eta gonbidatzen baitu.