Udalak kirol pista berriak jarri ditu Rodilen, Altzan eta Intxaurrondon
Donostiako Udalak kirol pista berriak jarri ditu hiriko hiru gunetan: Rodilen, Altzan eta Intxaurrondon. Lehenengoari dagokionez, egoera txarrean zegoen kirol pista zahar bat aldatu dute, hainbat kirol egin ahal izateko instalazio bat jarriz. Hormigoizko zolata bat egin dute pista zaharrean, eta gainean jarri dute instalazio berria, zoladura urdinarekin eta inguruko itxiturarekin. Udalak 75.000 eurotik gora gastatu ditu Rodileko instalazioan.
Altzako kasuan, udal gimnasioaren ondoko Eraikuntzaren Institutuko kirol pista berritu dute: zoladura konpondu dute, zelaietako marrak margotu dituzte eta kirol ekipamendu berria jarri dute, 18.000 euro inguru inbertituz.
Intxaurrondori dagokionez, Siustegi parkeko petanka jokalekuetako batean estalkia jarri dute, eguraldi txarrarekin ere jolastu ahal izateko. Asko erabiltzen dira petanka jokaleku horiek, eta erabiltzaileek eskatu zuten estalkia jartzeko. Hain zuzen, erabiltzaileekin hitz egin zuen IRUTXULOKO HITZAk joan den astean, eta emaitzarekin pozik agertu ziren.
Berriki, Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko frontoi estaliko erabiltzaileak haserre agertu dira instalazioaren egoera txarrarekin, eta beste instalazio batzuk berritu izana kritikatu dute.