Aparkalekuaren utzikeria salatu du erabiltzaileen batzordeak
Alderdi Ederreko aparkalekua kudeatzen duen Empark enpresaren zerbitzua «txarra» dela salatu dute, eta Donostiako Udalari egoera konpontzeko bitartekaritza lana egiteko eskatu diote.
Urtebete igaro da Donostiako Udalak Alderdi Ederreko aparkaleku pribatuaren kontzesioa onartu eta baimendu zuenetik. Ordura arte Mugaburu S.L. enpresak kudeatutako aparkalekua Boulevard Aparcamientos S.L.-ren eskuetan utzi zuen iazko uztailaren 1ean. Enpresa hori Empark enpresaren jabea da. Erabaki hori «harrigarria» izan zela azpimarratu dute erabiltzaileek, baldintza agiriaren arabera ezin delako emakida subrogatu eta Empark enpresak arazoak izan dituelako hiriko beste aparkaleku batzuetan. Esaterako, Katalunia plazakoan espediente «oso larria» ireki zioten 2017ko abuztuan, kontratua ez betetzeagatik.
Erabiltzaileen batzordeak jakinarazi duenez, hasieratik izan dituzte arazoak Empark enpresarekin. «Mantenu lanak, garbiketa eta 24 orduko zaintza zerbitzuak betetzen ez zituelako. Ordea, baldintza agirian zerbitzu horiek bermatzea onartu zuten». Hori dela eta, aparkalekuko plazen erabiltzaileak udalari kexak aurkezten hasi ziren, iazko urrian. Batzordearen arabera, udalak «entzungor» egin zien kexa horiei. Horregatik, erabiltzaileek batzordea sortzea erabaki zuten otsailaren 19an, udalari bere lana egin zezan eskatzeko, Empark enpresa baldintza agiria betetzera behartuz.
Bilerak eta eskaerak
Martxoaren 11n elkartu ziren aurreneko aldiz erabiltzaileen batzordea eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotzia. Udalari helarazitako erreklamazio orri guztiak biltzen zituen dokumentu bat aztertu zuten. Udala enpresarekin harremanetan jarri zen, eta Empark orduan hasi zen zerbitzua hobetzen: «presentzia eta garbiketa, noizbehinka». Konfinamenduaren eraginez aldarrikapenak eten ostean, maiatzean gaia berriz ere hartu zuen batzordeak. Maiatzaren 25ean Empark enpresarekin elkartu ziren, eta ez zuten adostasunik lortu.
Ekainaren 11n beste bilera bat egin zuten Aranarekin eta Mugikortasun sailarekin. 2019ko abuztutik 2020ko martxora bitarte Empark enpresak zerbitzurik eskaini ez zuela adierazi zieten. Horrela ere, erabiltzaile guztien kuota kobratzen jarraitu zuen. Zortzi hilabete horietan jarritako dirua itzultzeko eskatu zieten udaleko arduradunei. Udalak ez zien erantzunik eman, eta dirua itzultzeko proposamen ofiziala aurkeztu zion batzordeak udalari ekainaren 22an.
Alderdi Ederrekoa da Donostiako aparkaleku garestiena. 74 euro ordaintzen ditu hilero erabiltzaile bakoitzak. Orotara, 500 erabiltzaile inguru ditu aparkalekuak, beraz, hilean 37.000 euro jasotzen ditu Emparkek. «Hau da, inolako zerbitzurik eskaini ez duen zortzi hilabeteko epean 296.000 jaso ditu», salatu du batzordeak.
Prozesu luzea
Donostiako Udala hainbatetan jarri da harremanetan enpresarekin, eta arazoa «konpontzeko bidean» dagoela adierazi dio hedabide honi Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak. Dena dela, «prozesua luzea» izango dela gaineratu du. «Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu nolako eboluzioa duen aferak, behin eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta aztertzen denean».
Enpresari bi eskaera egin dizkio udalak: «Batetik, kontu emateko epe horretan zerbitzua eman ez izanagatik, eta bestetik, argi gelditzeko zein den eman behar duen zerbitzua», azaldu du Aranak. Zehazki, Empark enpresak kontu emateko txosten bat egin beharko du. «Prozedura luzea izango da, eta bukaeran betebeharrekin bete ez duela ziurtatzen bada kaltea ordaindu beharko du», esan du Mugikortasun zinegotziak.
Aparkalekuko egoerak hobera egin badu ere, erabiltzaileen batzordeak dio ez dela aurreko enpresak ematen zien zerbitzua. «Kuota berdinekin jarraitzen dugu, ahaztu gabe zortzi hilabetez kuota horiek kobratu dizkigutela, zerbitzurik jaso gabe». Udalaren jarrerarekin ere ez daude batere konforme: «Ez du bere kontrol eginbeharra bete, eta ez du inolako borondaterik erakutsi hiritarron eskubideak defendatzeko Empark enpresaren gehiegikerien aurrean».