Arte Ederretako eraikinaren azken proposamena "eszeptizismoarekin" hartu du Ancorak
SADEk, Arte Ederretako erakinaren jabeak, birgaitze proposamen bat aurkeztu dio Donostiako Udalari. Proposamen hori begi onez ikusten duela adierazi zuen pasa den astean Eneko Goia alkateak, eta udalak ontzat emanez gero lizentzia emateko aukera ez zuen baztertu. Horren berri prentsaren bidez izan duela adierazi du Ancora elkarteak, eta proposamena “eszeptizismoarekin” hartu dutela gaineratu dute ohar baten bidez.
Ancorak zuhur jokatuko du SADEren birgaitze proposamena behar bezala aztertu arte. Dena dela, aurreratu dute euren ustez orain arteko proposamenen antzekoa dela: “Beraien asmoa da zinematografoaren eremua eraitsi eta Prim zein Urbieta kaleko fatxadak partzialki botatzea. Era berean, lurrazpiko aparkaleku bat jarri nahi dute”. Orain arteko proiektuekin alderatuta, aldaketa bat eraikinaren erabilera dela diote. “Bizitegi erabilera izan beharrean, hotel bat jarri nahi dute, eta epe ertainera etxebizitzak izatera pasa daitezke”.
Gogora ekarri dute otsailaren 18an udalak lizentzia ukatu ziola SADEri eraikinaren barrualdea husteko. Maiatzaren 19an, berriz, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen eraikinaren jabeak ordaindu behar dituela egonkortze lanak. Ancoraren arabera, Arte Ederren eraikina birgaitzeko 5 milioi euro inguru jarri beharko lituzke SADEk. Eraikina babesteko aipaturiko sententzia “ahalik eta azkarren” aplikatzeko helegite bat aurkeztu du elkarteak.
Ekainaren 9an Ancorak bilera bat egiteko eskaera luzatu zion Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusi, baina oraindik erantzunik jaso ez dutela diote. “Begi onez ikusten dugu eraikinari hirugarren sektoreko edozein erabilera ematea, beti ere monumentuaren ezaugarriak errespetatzen baditu”, azpimarratu dute. Arzallusekin ez ezik, Eneko Goia alkatearekin ere elkartu nahi dute.