Etxeko bandera eskuratu du Donostiarrak
Denboraldiko lehena eta maila goreneko bigarrena irabazi du Donostiarrak, etxean jokaturiko estropadan. Torrekua II.a trainerua azkarrena izan zen atzo, eta Eusko Label ligako bigarren jardunaldian erakutsitako maila ona berretsi zuen Kontxako badian. Euskotren ligan, berriz, Oriok irabazi zuen bandera, Arraun Lagunak bigarren sailkatu zen eta Donostiarra laugarren.
Hirugarren eta azken txandan aritu zen Donostiarra, eta estropada paregabea egin zuen hasieratik bukaeraraino. Helmugan denborarik onena ezarri zuten (20:53), Santurtzi bigarren sailkatuak baino hamar segundo hobea. Garaipenari esker, sailkapeneko hirugarren postuan daude 31 punturekin, Orio bigarren sailkatuarekin berdinduta. Aldiz, Santurtzi da liderra 32 punturekin. Zierbenan jokatuko dute laugarren jardunaldia, gaur 12:00etatik aurrera.
Emakumezkoen arteko lehian, Oriok hirugarrenez erakutsi zuen momentuz traineru onena dela. Donostiako bi ordezkariei dagokienez, Galiziako uretan ikusitakoa irauli zen. Arraun Lagunakek pauso sendoa eman zuen atzo etxean, bigarren sailkatuta. Oriok baino lau segundu gehiago behar izan zituzten helmugara iristeko (11:38). Donostiarra, berriz, laugarren tokian sailkatu zen (11:45). Sailkapen nagusian, Orio lider sendoa da 12 punturekin, Donostiarra bigarren 7 punturekin, Hondarribia hirugarren 6 punturekin eta Arraun Lagunak laugarren 5 punturekin. Atzokoa hobetzeko aukera dute bi traineru donostiarrek, gaur, Zierbenan (11:40).
KAE-1 ligan, berriz, Donostiarraren bigarren taldea bederatzigarren sailkatu zen sasoiko lehen estropadan. Pasaiko portuan jokaturiko bandera San Pedrok eskuratu zuen.