Illunben aparkatzen dutenek doako autobus zerbitzua dute Erdialdera jaisteko
Turismoa eta merkataritza sustatzeko egitasmoa jarri dute abian Donostia Turismoak, Mugikortasun sailak eta San Sebastian Shops elkarteak. Eguneko bisitariak erakartzea du helburu.

Hauteskunde bezperan, hilaren 11n, Illunbeko aparkalekua eta Erdialdea lotzen dituen doako autobus zerbitzua jarri zuen abian Donostia Turismoak. Etorri, doan aparkatu eta gozatu da egitasmoaren leloa eta hiru helburu ditu: eguneko bisitarien mugikortasuna erraztea, hiriguneko auto kopurua gutxitzea eta hiriko merkataritzan kontsumoa bultzatzea. Zehazki, Illunbe eta Errondo pasealekua lotzen ditu Dbusek ahalbidetu duen zerbitzuak, eta ordutegi zabala du; 11:00etatik 22:30era, hogei minutuero. Abuztuaren 23ra arte iraungo du zerbitzuak.
Donostia Turismoak San Sebastian Shops elkartearekin eta Mugikortasun sailarekin elkarlanean sustaturiko egitasmoa da. Hain zuzen ere, Donostia Turismoaren Gida Planak jasotzen dituen ardatz nagusietako batzuk dira jasangarritasuna, hiritarren eta bisitarien arteko oreka eta hiriko mugikortasuna hobetzea. «Testuinguru horretan sortu da uda honetan Illunbeko aparkalekua hirigunearekin lotuko duen doako autobusaren aldeko apustua», azaldu du Turismo zinegotzi Cristina Lagek. «Bisitatzen gaituztenei autoa aparkatzeko tokia eskaini diegu, hirigunera sar ez daitezen. Izan ere, udan zehar hirigunean pilaketak egoten dira eta are gehiago aurten, hirian egiten ari diren obrak direla eta».
Auto erabiltzaileei zuzendua
Donostiara autoz datozen datozen guztientzako zerbitzua dela dio Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak: «Erdialdeko trafikoa arintzeko, Illunbeko aparkalekuaren erabilera areagotzea da asmoa. Abantaila hiritar guztientzat da. Kanpotik datozenek autoa hiriaren sarreran uzten badute eta hirigunean sartzen ez badira, trafiko gutxiago egongo da, eta hiritarrak erosoago egongo dira».
Erdialdeko trafikoa ez ezik, hiri sarreretakoa ere gutxitzea da udalaren helburua. Ordea, asmo horrekin talka egiten du egitasmoak. «Guri gustatuko litzaiguke jendea garraio publikoan etortzea, baina hori norberaren esku dago. Autoan etortzen direnak hirian ez sartzeko disuasio-neurria da», azaldu du Aranak.
Aparkalekua eta doako autobusaren zerbitzua iragartzeko kartelak jarri dituzte hiriko sarreretan, Donostia Turismoaren webgunean eta sare sozialetan. Era berean, kanpaina bat hasi zuten irrati iragarkien eta Interneteko publizitatearen bidez. Bestalde, hiriko saltokiak Illunbeko aparkalekuaren berri ematen ari dira QR kodearen bitartez.
Doakotasunaz kexu dira
Dbusen zerbitzuetan egin diren murrizketak direla eta, erabiltzaile batzuk kexatu dira udalak Illunbeko aparkalekuko autobus zerbitzua doakoa izatea erabaki duelako. «Eskandalu bat iruditzen zaigu. Turisten mugikortasuna lehenesten dute auzotarrak zerbitzurik gabe utzi dituztenean», dio Eider Imazek, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. Kritiken aurrean, Aranak ondorengoa adierazi du: «Autobus honen zerbitzuaren finatziazioaz Donostia Turismoa eta San Sebastian Shops arduratu dira. Ez dago Dbusen kontuan sartuta».
Morlansen 752 sinadura bildu dituzte 46. autobus linea berrezarri dezaten eskatzeko. Hain zuzen, aste honetan iragarri du udalak abuztuaren 1etik aurrera erabilgarri izango dela. «Albiste pozgarria iruditzen zaigu. Dena dela, azpimarratu behar da berriz martxan jartzea lortu bada auzotarrei esker izan dela».
Udalaren egitasmoaren helburuetako bat da bisitariek Erdialdeko dendetan eta ostalaritzako establezimenduetan kontsumitzea. Horrekin ez dago ados Imaz: «Bertako merkataritza sustatu nahi dutela diote, baina Erdialdeko merkataritza sektorea auzotarrei esker bizi da. Azkenaldian ikusi dugu saltoki txikien gainbehera, eta horri aurre egin ordez horrelako egitasmoak egiten dira».
Kalapie Hiriko Txirrindularitza Elkarteari egokia iruditu zaio Illunbeko aparkalekua disuasio-neurri gisa erabiltzeko erabakia. Ordea, autobus zerbitzua dohainik jartzearen kontra daude. «Erraztasunak jartzen zaizkie autoz datozenei. Udalak hausnarketa egin beharko luke mugikortasun jasangarria sustatu nahi badu».