Cristina Iglesiasen eskultura hilaren 21ean eramango dute helikopteroz Santa Klara uhartera
Datorren asteartean, hilaren 21ean, Santa Klara uhartera helikopteroz eramango dute Cristina Iglesias artistaren eskultura. Egun berean Pasealeku Berria itxiko dute, Oteizaren eskulturaren aparkalekutik Aquarium gaineko plazara bitarte. 6:00etan itxiko dute eremua eskulturaren zati guztiak eraman arte.
Esan bezala, helikoptero batek eramango ditu eskultura osatuko duten pieza guztiak Pasealeku Berritik uhartera. Eta eskultura uhartera eramateko modua 2019ko urrian itsasargiaren etxeko lanak egiteko erabili den garabia eramateko berdina izango da.
Eneko Goia alkateak eta Iglesiasek bertatik bertara jarraituko dute eskultura osatuko duten zatiak eramateko operazioa. Era berean, gogora ekarriko dute Haritz Galarraga helikoptero pilotu donostiarra. Galarraga zen eskultura uhartera eraman behar zuena, baina duela aste batzuk zendu zen haren lankidearekin Seu d’Urgellen izandako helikoptero istripu batean.
Helikopteroak gutxi gorabehera 45 bidai egingo ditu zati guztiak Pasealeku Berritik uhartera eramateko. Behin zati guztiak eramanda, artelana jartzeko prozesuaren azken fasea abiatuko dute; hau da, artelana itsasargiaren barruan jartzeko prozesua.