Dbuseko markesinak berritzeko proiektu pilotua abiatuko dute
Datozen urteetan, markesinak berritu eta hiriko markesinen heren bat eguneratuko dituzte. Dbusek eta Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak elkarlanean proiektu pilotu bat jarriko dute abian. Donostia izeneko markesina modeloaren aurkezpena egin dute, duela hilabete batzuk Promedios Taldearen enpresa bati adjudikatu ziotena.
“Markesina berria, gure hirirako bereziki diseinatu dena, markesina modelo arina da, eta Grimshaw modeloaren antzekoa, zeina Dbuseko geltokietan instalatu den azken modeloa baita”, azaldu du Dbusek. Larramendiko geltoki berrian instalatu da markesina modelo berria –19. Aiete Bera Bera, 31. Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta B2 Aiete-Bera Bera lineak dituena–, eta 3D publizitatea du lehen aldiz. Gaurtik erabilgarri dago geltoki berria, eta Aldapetako bizilagunek Urbieta kaleko 38 zenbakian duten behin-behineko geltokia ordeztuko du.
“Markesina berria Irisgarritasunari buruzko Legera egokituta dago. Sarbidean 90 zentimetroko zabalera librea edukiko du gutxienez igarotzeko, manparak zeharrargiak izango dira, eta kolore biziko bi banda seinaleztatzaile edukiko ditu kristala duela adierazteko. Horrez gain, linearen zenbakiari eta helmugari buruzko informazioa dauka, braillez, eta bermatze leku iskiatikoa duen eserlekua dauka”, nabarmendu dute.
Geltoki berriak, halaber, autobusen iritsieraren berri emateko eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste abisu batzuk emateko panel elektroniko bat dauka. Informazio panelaren modeloa ere berria da. Sendoagoa da, eta karaktereak hobeto irakurtzen uzten du. “Hiriaren beste bost informazio panel batzuetan jada instalatuta dagoen sistema berritzaile bat dauka, zeinarekin zerbitzua erabiltzaileen benetako eskarira egokitu daitekeen, autobus geltokian zain dauden pertsonen kopurua abiapuntu hartuta, ikuspen artifizialeko sentsoreen bitartez”.
Proiektu pilotu honen helburua da aztertzea ea zenbateraino praktikoa den erabiltzaileen eta gidarien ikuspuntutik, hobekuntzarik sortzen bada berrituko diren gainerako markesinetan sartzeko. “Linea honetan, prozesu parte hartzaile bat ireki da ezgaituekin lan egiten duten hainbat elkarterekin batera, markesina testatu ahal izateko eta beren ekarpenak egin ahal ditzaten”.
Donostiak 563 autobus geltoki dauzka, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak. Berrikuntza honetan 110 markesina eguneratuko dira gehienez 3 urteko epean, hau da, gutxi gorabehera 34-36 markesina urtean, Larramendin instalatutakoa lehena izanik.
Loiola aparkalekuko geltokia
Era berean, gaurtik aurrera, 31. Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak ez du jada Loiola aparkalekuan geldialdirik egingo. Horrela, linearen ordutegiak hobeto betetzea nahi da, geltoki gehien dituen Dbuseko linea baita. Geltoki hau mantentzen da, halere, 24. Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo, 26. Amara-Martutene, 27. Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 41. Gros-Egia-Martutene eta B4 Amara-Martutene lineetarako.