Europarako bidaia txartela lortu du Realak
Galtzen utzitakoa azken unean irabazi du talde txuri-urdinak. Europa Ligarako sailkatu da Reala, azken jardunaldiko partidaren azken minutuetan sarturiko golari esker. Bana berdindu zuten atzo, Atletiko Madrilen zelaian, eta Adnan Januzaj belgikarraren golak eman zien saria txuri-urdinei. Seigarren bukatu dute liga, eta ez dute Europa Ligaren atarikorik jokatu beharko.
Europarako bidaia txartelen lehia estua bizi izan zen atzo. Liga gehiena Europako postuetan eman du Realak, baina sailkapeneko lehen zazpi postu horietatik kanpo geratzeko aukera asko zituen. Are gehiago, atzo denbora gehiago eman zuten txuri-urdinek postu horietatik kanpo –zortzigarren, birtualki–. Granada, Getafe eta Valentzia ziren arerio zuzen, eta jokoan bi bidaia txartel zituzten. Andaluziako taldeak aise hartu zuen mendean Athletic (4 eta 0), eta Valentziak galdu egin zuen Sevillaren zelaian (1 eta 0). Beraz, Getaferekin izan zuen azken unera arteko lehia estua. Madrilgo taldeak galdu egin zuen Levanteren zelaian, eta Realak, berriz, behar zuen puntua eskuratu Wanda futbol zelaian.
Urduri hasi zuten txuri-urdinek Atletiko Madrilen kontrako partida. Defentsako lan ahulak kondenatu du Reala liga berrabiarazi zenetik, eta atzo ere zigorra jaso zuten. Etxeko taldearen jokaldi amaigabe batean, Moratak Kokeri baloia eman eta Moyaren ate barrura bidali zuen. Atzelariek ez zuten behar bezala estutu, eta helburuak eskuetatik ihes egin zuela zirudien. Ordea, Imanol Alguacilek gidaturiko mutilek ez zuten etsi, ahal moduan eutsi zioten partidari, eta neurketaren bukaeran iritsi zen saria. Adnan Januzaj izan zen txuri-urdinen azken aldaketa, eta berak lortu zuen Realak behar zuen gola. Areaz kanpoko alboko falta bat erdiratzea baztertu, eta atera zuzenean jaurti zuen. Zoria alde izan zuen Belgikako aztiak, eta Oblak atezainak baloi hori ez zuen gelditu. Golak arnasa eman zion talde txuri-urdinari, eta banakoarekin bukatu zen partida.
Futbol liga arraroaren azken jardunaldiak ez sinestekoak izan dira, koronabirusaren eraginez. Eta, noski, ez sinestekoak izan ziren liga arraroaren azken jardunaldiko azken minutuak. Horrela ere, Realak helburua lortu du, eta datorren denboraldian Europa Ligan ariko da.

